ZIZERON: Alderdiak II

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2015-02-06 22:29

BERRIA, 2015-01-24 / Hedoi Etxarte

ETA kanpaina militarrean zegoenean betiereko demokratek esaten zuen: hemen biolentziarik gabe proiektu politiko guztiak dira defendagarriak —ETArena soilik da biolentzia, 2014an 3.200 lagun hil dira Mediterraneoa zeharkatzen—. ETAren kanpaina militarra bukatzeak demostratu ditu gauza asko. Adibidez PSE-EEk Michel Clouscard-en lemari arrazoia eman diola: «dena dago permitituta, ezer ez da posible». Desiraren ideologia da nagusi ikasle pijoen 1968 hartatik, «neofaxismoa» esaten zion Clouscardek kontra-iraultza liberal libertarioari: deleuzofrenia. Ordezkatze prozesu bat jazo da: egin beharrean egiten duzula kontatu. Egin beharrean egitea desiratu.

Hauteskunde kanpainak desiraren kudeaketak dira. Hauteskunde urteetan bestseller bat izan beharko litzateke: Zizeronen Hauteskunde kanpainako eskuliburua. Kristo aurreko 64. urtekoa da testua baina subiranotasuna usurpatzen duten erakundeetara lehenengoz joan nahi duen —edo bertan jarraitu nahi duen— edonork taktika interesgarriak aurkituko ditu. Quintus Tullius Zizeronek lagunak zaintzea aholkatzen dio anaia hautagaiari: doala hiri guztietara, korporazioetara, herrixketara, auzoetara, talde bakoitzeko pertsona garrantzitsuen lagun egin dadila. Etsaiekin nola jokatu esplikatzen dio. Ez dezala debalde losintxatu.

Quintusek anaiari ematen dio Gayo Cota «hauteskunde estrategia maisuaren» aholkua: mundu guztiari zin egin zeure zerbitzuak, zeure eginbeharren kontra ez badoa, ez esan inori ezetz zeren sarritan ezustekoak gertatzen dira eta eskaera batzuk ezin dira bete. Bete ditzakezunak baino konpromiso gehiago onartu «zin egin duzuna egin ez duzulako norbait haserretuko zaizunaren beldurrik ez izan. [...] Promesak airean geratzen dira, ez dira zertan denbora-tarte jakin batean bete eta jende kopuru mugatu batentzako dira».

Ezetz esaten baduzu, ordea, etsaiak izango dituzu.


Utzi iruzkina: