ZINISKA, LEHEN EMAKUMEZKO TXAPELDUN OLINPIKOA

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2012-08-03 15:59

 Denboraren makina 

Nagore  Irazustabarrena

Nagore Irazustabarrena


ARGIA, 2332. alea
2012-VII-22
Antzinako Greziako koadriga. K.a. 396. urteko Olinpiar Jokoetan Ziniskak
Antzinako Greziako koadriga. K.a. 396. urteko Olinpiar Jokoetan Ziniskak "irabazi" zuen lau zaldiz tiratutako gurdi lasterketa.

Olinpia (Grezia), K.a. 396. Ziniska printzesa espartarrak estatua bat eta idazkun bat eskaini zizkion Olinpiari, jainkosaren tenpluan. “Espartako erregeak ditut aita eta neba, / zaldi azkarreko gurdiarekin irabazi du / eta estatua hau eraiki du Ziniskak. Eta Grezia osoko emakume guztien artean / koroa hau lortu duen bakarra naizela diot”. Urte horretako Olinpiar Jokoetan koadriga lasterketa irabazi zuen printzesak, eta hurrengo Jokoetan ere, K.a. 392. urtean, proba bera irabaztea lortu zuen. Horrenbestez, Ziniska izan zen lehen emakumezko txapeldun olinpikoa.

Titulu hori ez dio inork kenduko, baina lortutako koroaren distira eta meritua apaldu egiten dira garaipenaren nondik norakoak jakinda.
Antzinako Grezian emakumeek ezin zuten Olinpiar Jokoetan zuzenean parte hartu. Estatu-hiri gehienetan emakumezkoek ez zuten gainerako ia lau urtetan ere kirolik egiten. Esparta zen salbuespena; emakumeak txikitatik kiroletan ere trebatzeko ohitura zuten. Eta Ziniska espartarra zen.

Horrez gain, zaldi eta gurdi lasterketetan ez zituzten zaldizkoak edo orgazainak txapeldun izendatzen, zaldien jabeak baizik. Hala, zalditegi bat martxan jartzeko eta mantentzeko nahikoa baliabide zuen edonork parte har zezakeen proba olinpikoetan, gizon nahiz emakume. Ziniska Espartako Arkidamo II.a eta Ajesilao erregeen alaba eta arreba zen, hurrenez hurren. Beraz, eragin ekonomiko eta politikoa zuen Olinpiar Jokoetan zuzenean parte hartu gabe, txapeldun olinpikoa izateko.

Eta Antzinaroan emakumezko txapeldun olinpikoak izateak ematen duen poza gainbehera dator erabat, Ziniskaren parte-hartzearen arrazoiei buruz Plutarkok idatzitakoa aintzat hartzen badugu: Ajesilaok arreba parte hartzera bultzatu omen zuen “greziarrei erakusteko proba hipikoak irabazteko ez zela inolako talenturik behar, aberatsa izatea eta dirua gastatzeko prest egotea baizik”. Ajesilaok entzutea kendu nahi zien zaldi probei, eta horretarako arreba erabili zuen lehiakide ezgaiaren eredu gisa.

Olinpiar joko modernoetara jauzi egin behar da emakumezko txapeldun duinak topatzeko, eta orduan ere nekez egin zuten bidea. Ikusi bestela Pierre de Coubertin baroiak, espiritu olinpiko modernoaren aita ez hain modernoak, esandakoa: “Emakumezkoek Olinpiar Jokoetan duten eginkizuna, nagusiki, garaileak koroa ipintzea da”.


Utzi iruzkina: