ZERGA BILKETA CASUS BELLI DENEAN
-
Mende eta erdiko historian sarritan egon da euskal lurraldeetako egitura fiskala arautzen duen foru sistema auzitan. Kubako gerratik hasi eta Aznarren garairaino, konfrontazioaren mehatxua izan da “pakturako” faktore giltzarria.
Euskal finantza tresna nagusienak, EAEko kontzertu ekonomikoa eta Nafarroako hitzarmena, eztabaida politikoaren zurrunbilora ekarri dituzte zenbaitek, krisiak Espainiako araubide orokorreko erkidegoak zorretan itota dituen garaiotan. Katalunian independentistek azeleragailua zapaldu orduko, estatu osoko erregimen fiskala “errebisatzeko” ziltza izan dute Espainian.
2015eko uda oso beroa izan da alde horretatik: uztailean Ogasun ministro Cristóbal Montorok gutuna bidali zien erkidego guztiei finantzazio autonomikoari buruzko datuak eguneratu zitzaten. Espainiako hauteskunde orokorretako aurre-kanpaina luzean ere alderdi handiek “errebisio” hori izan dute ahotan. Ciudadanos da muturra: kupoa aldatu ez ezik, hitzarmen foralak beste erkidegoetako fiskalitatearekin harmonizatzea defenditu zuen Albert Riverak. “Insolidario” eta “pribilegiatu” adjektiboak hari lodiz josi dizkiote euskal zerga-sistemari.
Baleren Bakaikoa ekonomialariak orriotan azpimarratu izan duen moduan, gezurra da hitzarmen ekonomikoa solidarioa ez denik. Estatuko Solidaritate Funtsari %6,25eko ekarpena egiten dio EAEk kupo bidez, %1,6 Nafarroak; estatuko zor erraldoiaren portzentaje bera ordaintzen dugu, estatuko azpiegiturak finantzatzeko ere beste horrenbeste…
1978an EAEko kontzertua negoziatu zuen Pedro Luis Uriarte Eusko Jaurlaritzako sailburu-ohi eta BBVAko bankari izandakoak, azkenaldian irmoki defendatzen dihardu hitzarmen ekonomikoa –interneten lizentzia librearekin deskargatzeko moduan jarri du 3.000 orrialdetik gorako liburua–. Bere ustez, ezinezkoa da “pribilegioa izatea zigor moduan ezarri zena”. 1876ko foruen galeraz ari da, naski, armen indarrez.
Iñigo Urkullu lehendakaria tematu da hitzarmenaren “aldebikotasuna” nabarmentzen –“kontzertu ekonomikoaren ezein aldebakarreko aldaketa marra gorria da”, esan zuen euskal etxeen azken mundu biltzarrean–. Eta bai, 1919an Espainiako Gobernuak dekretu bidez nolabaiteko izaera paktista hori aitortu zuen, baina historian barrena arakatuz gero, segituan jabetuko gara egiaz krisiak, gerrak eta indarraren mehatxua izan direla tartean. Horretarako, hitzarmen ekonomikoan adituak diren Gregorio Monreal eta Roldán Jimeno historialarien El concierto económico: génesis y evolucion histórica (Iure Vasconiae, 2009) artikulu mamitsua irakurtzea aski da.
“Herrien bakeari komeni zaio…”
Foruak oraindik bizirik zeudenean, “donatibo” bidez isilarazten zituzten Madrilgo mehatxuak. 1799an Godoyk foruak abolitu eta Koroako erregimen fiskal guztiak berdintzeko emandako hitza irentsi behar izan zuen, Ingalaterraren kontrako gerrak sorturiko finantza arazoak asetzeko Baskongadetako eta Nafarroako aldundien aparteko eskupekoa jasotzearen truk. Mendea geroago, Kubako gerrarekin gauza bera gertatu zen: kolonia hartako gatazka armatuaren larritasunak eramanda, Espainiako Gobernuak jadanik martxan zegoen hitzarmen ekonomikoaren kupoa igoarazi nahi izan zuen dirua lortzeko; azkenean “donatibo boluntario” baten bidez likidatu zuten arazoa.
Beste batzuetan alderantzizko egoera gertatu da. 1914an Crédito de la Unión Minera banku bilbotarrak crack egin zuen –atzerriko arrisku handiko zorra zuen erosita Gerra Handiaren atarian–, eta Bizkaiko Aldundiak probintziako “indar biziak” mobilizatu zituen, gobernuak onartu zuen arte bankuak utzitako zuloa kupoarekin estaltzea.
Aitzitik, Estatuak birritan inposatu du bere nahia armak erabilita. Halaxe egin zuen euskal lurraldeetako foruak eta berezko zerga-sistema osoa ezabatzen zituen Cadizeko Konstituzioarekin. 1812an Batzar Nagusiek konstituzio berriarekiko euren errezeloak azaldu zituztenean –batez ere Bizkaian izan zen erresistentzia handiena– Frantzisko Xabier Castaños buruzagi militarra bidali zuen Cadizeko gobernu liberalak, agindu zehatza zekarrela: “Desordena horiek zapaldu eta konstituzioa zinarazi dezala”.
Joseba Agirreazkuenaga historia katedradunak esana da gerra zibil bakoitzaren amaieran zerga-aginteak autogobernuaren eztabaida piztu izan duela. Lehen Gerra Karlistaren ondoren, 1841ean, Nafarroak hitzarmena sinatu zuen beherapenetan onartutako akordio batekin. Semiak soldadu ta preso gurasuak / ezin pagaturikan kontribuziyuak... diote oso ezagun egin ziren Muñagorriren bertsoek. Hiru hamarkada geroago gainerako euskal lurraldeen txanda iritsi zen: Cánovas del Castillok foruak abolitu zituen behin-betiko, eta zerbitzu militarra ezartzeko eta hitzarmen ekonomikoa onartzeko prest zeuden diputazioak hatza erabilita izendatu zituen.
1936ko gerra zibilean, berriz, Bilbo hartu eta bi egunera sinatu zuen Franco jeneralak Gipuzkoa eta Bizkaiko hitzarmenak bertan behera uzten zituen dekretua, ez ordea Arabakoa eta Nafarroakoa, gerra-zigorra zela oso agerian utziz.
German Gamazok ere “gerra” txiki bat piztu zuen 1893ko aurrekontuekin: euskal lurraldeetan Espainia osoko zerga berak ezartzea proposatu zuen Ogasun ministroak eta egitasmoari kontra eginez 120.000 sinadura jaso zituen bueltan, Aro Garaikideko lehen masa mobilizazio handitzat hartu izan dena. Gamazadan manifestazioak, altxamenduak eta liskarrak gertatu ziren, batez ere Nafarroan, baina baita beste toki batzuetan ere –Donostian Guardia Zibilak 3 lagun hil zituen manifestarien kontra fusilak deskargatzean–. Horrek guztiak lurraldeen arteko “Laurak bat” ideia indartu zuen.
Indarkeriaren itzala eta akordioa txanpon beraren bi aldeak izan dira. Agian horregatik 1906an kontzertua berritzeko epealdia 20 urtera luzatu zuten, “herrien bakeari komeni” zitzaiola argudiatuz.
Iraganeko konfrontazioen oroimena gaur eguneko negoziazioetara arte egon da presente. 2001ean Aznarrek berritzeke zegoen hitzarmena luzatu zuenean, casus belli gisa deskribatu zuen EAJ-EAren esku zegoen Eusko Jaurlaritzak. Akaso Urkulluren “marra gorria” halako abisu bat ote da? Ez dirudi ordea agintean den sektore jeltzalea bere “indar biziak” aktibatzeko tenorean denik, ez behintzat gure lan-esparruari edota hezkuntzari halako kaltea ekarri dieten beste proiektu zentralisten aurrean izandako jokaera pattala ikusita.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: