VENTOUX

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2009-05-22 18:19

AURELIA ARKOTXA, Berria, 2008-05-23

 

Petrarkak, bere adiskidea den Dionigi Robertiri zuzentzen dion gutun batean kondatzen du Ventoux mendiaren igatea Tito Livioren Historia erromatarra irakurtzen ari zuelarik zitzaiola gogoratu. Irakurri zuelako hor Mazedoniako errege Philippek Thesaliako Haemus mendia zuela igan. Eta Haemus-en kaskotik bi itsaso, Adriatikoa eta Ponte-Euxin, zirela ikusten. Izkiriatzen du partitu zela Gherardo bere anaia gaztearekin Ventoux mendiaren pean den Malaucène herritik. Neke handiak ukan zituztela patarra zut-zutean zihoalako goiti, eta harrokak zirelako non nahi. Ordea, egiazko mendi batez ari ote da? Ventoux mendiak ez baitu errealitaterik. Ez gorputzik. Izaki abstraktua da. Margo hutsa. Liburuan, ez da zinezko deskripziorik agertzen, ez usainik, ez kolorerik. Amets hutsa. Edo hobe, ametsa baino gehiago, gogoeta liburua. Barneratze bat: «Erabaki nuen, ikusiz sobera miretsi nuela mendia, ene baitara itzultzea begirada». Alegoriaren teoriaren arabera eraikia da testua. Erran nahi baita narrazioan beti lau maila bilatu behar direla, bai mendi goiti igatean eta bai menditik behera jaistean. Igatean, adibidez, hona lehenik zentzu literala: bidean bi kurrilariek aurkitzen duten artzain zaharra. Bigarrenik, zentzu tipologikoa: igatea da ontasunaren bilatzea. Hirugarrenik, zentzu tropologikoa: Petrarkak bide zuzenaren hautatzeko dituen dudak dira azkenean bere arimaren dudak. Laugarrenik, eskatologikoa: nola presta hobekienik heriotza, nola batek salba bere arima? Petrarkak ez du idatzi patarrean goiti zihoalarik, ikusten zuena deskribatuz. Gero idatzia den testua da, behin eta berriz zuzendua. Eta, nork daki, beharbada ez du ere sekulan igan Ventoux mendia...


Utzi iruzkina: