VALS I
BERRIA, 2014-05-31 / Hedoi Etxarte
Javier Arbulu langileak 2009ko udazkenean seinalatu zuen: Anariren disko berriko singleak injustizia nabarmen bat zeukan. Harriak valsa, euskal litofiliaren beste kapitulu hori, Leonard Cohenek abesten zuen Federico Garcia Lorcaren Vienar vals txikia-ren bertsio narrastia zen. Abestia estatismo lugorri batekin hasten zen. Inpasse musikala hegan hasten zen puntuan «harri pila bat dugu metatuta» kantatzen zen. Bigarren goraldian «Diogenesen sindrome emozionala» aipatzen zen.
Harriak abestian Diogenesen sindromearen —jokaera nahasmenduaren— irakurketa poetikoa egiten zuen Anarik. Sindrome mentala duenak bere burua zaintzeari utz diezaioke, isola daiteke edo zaborra eta objektuak meta ditzake mugarik gabe. Abestia metaketa afektiboari buruzkoa zen. Bizitzeko gai ez eta bizitzaren gaineko diskurtsoekin soilik disfrutatzen dutenen miseriaren salaketa bat. Zenbateraino ote da —ekonomia marxistarekin analogia eginda— jatorrizko metaketa afektiboa ere lapurreta. Nork lapurtzen dio nori, nork besteari, nork norberari.
Diogenesen sindromeaz ari garela, kontua da Sinopeko Diogenesek berari buruz kontatzen denaren guztiz kontrakoa egin zuela bere bizitzan: behar materialak abandonatu zituen, independentziaren aldarri zinikoa egin zuen. Ez zuen lehenaldiaren erabilera nartzisistarik egin. Idiotaren, ebidentearen buruargitasuna izan zuen. Tragedia da, beraz, norbait izan den guztiz kontrakoarengatik oroitua izatea. Historiaren errelatoak halakoak dira alde ilunak edo alde argiak irabazi. Negu Gorriak-en Irakatsi ziguten historia abestiaz akordatzea besterik ez dago: «Allendek bere burua hil zuen. Baader eta Meinhoff-ek patu berbera izan zuten».
Historial afektiboaren errelatoetan ere Sinopeko Diogenesi gertatutako subertitzea suertatzen da sarri: geldoa oroitzen da bizia balitz bezala, koloretsuaren oroitzapena izan daiteke grisa, burokrata amoroso bat oroitu daiteke militante bat bezala.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: