UHARTEA
Aurelia Arkotxa, BERRIA, 2008-XI-14
Itsasoz inguratua den Lesbos uhartean bizi zen, ekialdeko kostako Mitilena herrian. Haren poesiak, Afroditari eskaini himnoa salbu, fragmentutan banatuak iritsi zaizkigu. (Isiltasunez inguratu hitz). Lirak lagundurik kantatuak. Diote 2.600 urte inguru bizi izan zela. Eta Platonek zioela hamargarren musa zela. Pentze loreztatuetan belarraren jaten ari diren zaldiak aipatzen ditu. Ilargi bete berriak lurra berriz argitzean inguruko izarrek kukutzen dutela beren dirdira, dio. Kretako emazteak, duela aspaldi, aldare miresgarri baten inguruan dantzan ari zirela loreak zangopetan zituztela. Ilargi betea bazihoala goiti zeru beltzean, eta emazteak aldarearen inguruan zeudela. Haren amak zioela, lehen, ileen xingola gorriz biltzeko ohidura bazela. Zahartzaroan hitz hauek: «Lira melodikoa badantzut. Ordea, zahartzaroak dit larrua jada zimurtua, ene ile beltzak dira urdinduak. Dardaraka ari naiz, zahartzaroa hedatzen ari zait larru gainean. Zer egin? Bizkitartean, amodioak enetzat du oraindik eguzkiaren argitasuna eta edertasuna»... Amodioa, preseski, zuen goraki kantatu. Amodioaren sortzea: «Ni, zu ikustean, mututzen naiz, mingaina dorpetzen zait, sukarra jiten zait, belarrietan burrunba sendi dut, izerditan jartzen naiz, histen naiz, iruditzen zait naizela hilen...». Idatzi zuen: «amodioak bihotza ikararazi dit, mendiko haizeak haritzak dardararazten dituen gisan. Amodioa da ezin garaituzko sugea, aldi berean eztia eta kiratsa». Izen batzuk aipatu zituen : Dika, Zirina, Abanthis, Kongila, Irana, Atis... Harena? Safo.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: