TEBASKO BATAILOI SAKRATUAZ HARRO

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2012-08-03 15:51

 Denboraren makina 

Nagore  Irazustabarrena

Nagore Irazustabarrena


ARGIA, 2329. alea
2012-VII-01
Keroneako gudu zelaian Filipo II.ak eta Alexandro Handiak Tebasko Batailoi sakratuaren omenez eraikitako lehoia.
Keroneako gudu zelaian Filipo II.ak eta Alexandro Handiak Tebasko Batailoi sakratuaren omenez eraikitako lehoia.

Keronea (Grezia), K.a. 338. Filipo II.a Mazedoniakoak eta haren seme Alexandro Handiak Keroneako gudua irabazi zuten eta, horrenbestez, Greziako hiri-estatuek independentzia galdu zuten. Mazedoniarren ejertzito indartsua ikusita, arerio gehienek ihes egin zuten, baina 300 bat soldaduk, inguratuta, inolako aukerarik gabe, hil arte eustea erabaki zuten. Plutarkoren hitzetan: “Garaipena lortuta, Filipok gorpuei erreparatu zien, eta zera galdetu zien: zein dira besarkatuta, heriotzan eta maitasunean batuta dauden hildako hauek? Tebasko Batailoi Sakratua, Laioren leinuko gizonezko maitale eta maitatuak, erantzun zioten. Eta Filipok esan zuen: hil dadila gizon hauek zerbait oker egin edo sufritu zutela susmatzen duen oro!”

Antzinako Grezian harreman homosexualak onartuak zeuden, eta ohikoak ziren ejertzitoko kideen artean. Hainbat militar ezagunek gizonezko bikoteak izan zituzten –Teronek, Harmodiok, Aristogitonek edo Alexandro Handiak berak–, eta heroi mitologikoren bati ere egotzi zizkioten harreman homosexualak. Akilesi, esaterako.

Tebasko Gorgidas komandanteak ohitura hori sistematizatu zuen eta Tebasko Batailoi Sakratua osatu zuen 150 bikote homosexual bilduta. Bikotekide batek esperientzia handiagoa izaten zuen, eta Heniochoi (gidaria) zeritzon; bestea gazteagoa izan ohi zen eta Paraibatai (lagun) esaten zioten.

Batailoia greziar infanteriako elite taldea izan zen 33 urtez, eta berehala soldaduen adoreagatik egin zen ezagun. Honela azaldu zuen Plutarkok indar horren sekretua: “Tribu edo familia bereko gizonen artean adorea eskasa izan ohi da, arriskuak estutzen dituenean; baina maitasunean oinarritutako laguntasunak sendotzen duen batailoia ez da inoiz hautsiko eta menderaezina da; maitaleak maitatuen aurrean eta maitatuak maitaleen aurrean duintasuna galtzeko beldur baitira, eta arriskuari gogotsu aurre egiten baitiote, batzuk eta besteak lasaitzeko”. Baina dena emateko prest dagoenak dena galtzeko arriskua du, eta horixe gertatu zitzaien 300 soldaduei Keronean.

1924an Keroneako gudu zelaian industen ari zirela, arkeologoek harrizko lehoi bat aurkitu zuten, eta haren inguruan, 254 gorpuren arrastoak. Filipo II.ak eta haren seme Alexandrok hildakoak ehorztarazi zituzten eta, haien omenez, lehoiaren monumentua eraikiarazi zuten. 1969ko ekainaren 28an Stonewalleko istiluek gay harrotasunaren mugimendua abiarazi baino 2.300 urte lehenago, maitale homosexual talde batek etsaiak ere harrotasunez bete zituen.


Utzi iruzkina: