"STULTUS" ETA NAZISMOA

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2013-04-16 22:27

                                                                                       BERRIA, 2013-04-16

                                                                                       Josebe Iturrioz

Gaurkoan, Esperanza Aguirrek eta Cospedalek sustatu dute nigan munduarekiko mesfidantza. Aguirrek bere blogean idatzi dituen astakeriek eta asteburu honetan Cospedali egindako elkarrizketak ia konorterik gabe utzi naute. Horregatik hitz berri bat bilatu behar izan dut: stultus! Arnasa berriro hartzeko eta beraien hitzak irakurtzen bukatzeko.

Aguirreren ustez, escrache-ak direla eta, justizia eta poliziaren jarrera gogortu egin behar da. Izan ere, kode penalaren bitartez kudeatu beharko lirateke. Oraingoz, bakarrik isunak jartzen dituztelako. Hau da, Soraya Saenz de Santa Mariari egindako escrache-etan parte hartu duten aktibistek eta kaleratuek 1.500 euroko isunak ordaindu beharko dituzte. Esperanzaren aburuz, gutxiegi, kontuan izanda escrache-koak kale gorrian daudela eta ez dutela ia sosik aurrera ateratzeko.

Cospedalek ere gustura bota ditu astakeriak, bat bestearen atzetik. Barcenas eta escrache-ak izan dira hizpide Maria Doloresi egindako elkarrizketan. Lehenbailehen lasaitzeko esatea; berak ez zuela ia Barcenas ezagutzen, bistaz soilik. Gainera, argi dio PPk ez duela iruzurrik egin, kanpoko jendea izan dela PPz baliatu dena iruzurra egiteko, hau da, ipuin polit bat kontatu digu; beraz, ez daukagu zertan kezkatu.

Maria Doloresen ustez, escrache-etan parte hartu dugun pertsonak naziak gara. Kasu honetan, zalantza batzuk baditut. Naziak al gara, herriak aurrera atera duen lege proposamen bat defendatzeagatik? Naziak al gara, gogoratzen diegulako PPko politikariei gure zerbitzura daudela, eta ez kapitalen zerbitzura? Naziak al gara, egon den iruzurrik handiena salatzeagatik?

Goebbels ministro naziaren ustez, gezur bat asko errepikatuz egia bilakatzen da. Hortxe Aguirre eta Cospedalen estiloa: gezur bat bestearen atzetik bota, egia bilakatuko den esperantzarekin. Hori bai iruditzen zaidala nazia.


Utzi iruzkina: