SIBARISKO MOKOFIÑAK
-
Akeoek, K.a 720. urte inguruan, Magna Greziako kolonia nagusietakoa fundatu zuten Italiako botaren zolan: Sibaris. Miletorekin eta Etruriarekin merkataritza bizian hasi ziren berehala, eta Tirrenoko kostalderaino zabalduko zuten beren eragina.
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena
ARGIA, 2017ko uztailaren 16a
Sibaris koloniako biztanleak, alegia sibaritak. (Irudia: Paestum Museo Arkeologikoa)
Oparotasun hark sibariten izaera taxutu zuen: lana gutxiesten zuten, eta luxua maite; errementariak eta arotzak debekatu zituzten, lan giroa zabalduko zuten beldur; oilarrak ere galarazita omen zeuden, ez baitzuten goiz iratzartzeko beharrik; eta ilea urrezko lokarriz lotzen omen zuten. Hiria K.a. 510. urtean suntsitu zuten, eta Kratis ibaiaren bidea aldatu zuten urak eta lohiak hiria estal zezaten. Baina “sibarita” mokofinaren sinonimo da orduz geroztik.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: