QUANDOQUE BONUS DORMITAT HOMERUS
Xabier Olarra
Horixe dio esapide latinezkoak. Denok egiten ditugula irristadak, alegia. Are Homerok, poeta bikaina izan arren.
Horrelako batzuen berri ematen saiatuko naiz hurrengo artikuluetan, ez inoren izen ona zikintzeko, baizik eta agerian uzteko zeinen zaila den edozein lanetan perfekzioa iristea, eta are gehiago itzulpenean.
Ez dut esango itzulpen guztiei eta itzultzaile guztiei harrapa dakizkiekeela akatsak, irristadak, irakurketa okerrak, gaizki-ulertuak, desbiderapenak, nahiz eta gehienetan aurkituko genukeen zer zuzendua, baina apustu egingo nuke hala gertatzen dela askotan (nireetatik hasita, noski).
Gaurkoan, literaturaren urre gorrizko orrietaraino igaro den irristada bat izango dut izpide: Ernest Hemingwayren Agurea eta itsasoa nobelaren gaztelaniazko lehen itzulpenean ageri den azken esaldia.
Lino Novás idazle kubatarrak (sortzez galiziarra) egin zuen itzulpen hori, eta Hemingwayk berak ezarri zuen itzultzailea. Lino Novás, esate baterako, Faulknerren Sanctuary gaztelaniara ekarri zuen lehen itzultzailea izan zen. Wikipediaren arabera, gaztetan, bizimodua atera ahal izateko hainbat lanetan aritu behar izan zuen: nekazari edo boxeolari, esate baterako. Autodidakta zen, eta ingelesez ikasi, eta Huxley, Lawrence edo William Faulkner handien lanak itzuli zituen gaztelaniara.
Hona zer dioen bere buruaz:
Itzulpenak eginez bizimodua ateratzen saiatu nintzen. Chacón y Calvo [José Maria kondea]k Madrilgo Ateneoa ordaintzen zidan, bero-bero hango liburutegian lan egin ahal izan nezan, eta behar nuen bakoitzean ematen zidan dirua. Han itzuli nuen William Fulkner (Sanctuary), ezagutzen duzu William Faulkner, nire lagun berria –gutun-laguna–? Hori ez da, gero, txantxetakoa. Edo Aldous Huxley (Point Counter Point) D. H. Lawrence (Kangaroo) eta beste liburu batzuk izenpetuta eta beste batzuk gabe. (Lino Novás Calvo, José Antonio Fernández de Castrori gutuna, Madril, 1932ko ekainak 10).
Kontua da 1956 aldera Hemingwayk –hori guztia jakinda– erabaki zuela bere nobelatxoa hark itzuli behar zuela. Hona zer dioen Guillermo Cabrera Infante idazle kubatarrak, zeharbidez betiere, bere Tres tristes tigres nobela ospetsuan (jakin nahiko nuke, halaber, Cabrera Infante ipurterrea zerk eraman zuen xehetasun hori bere nobelan jartzera, baina jakin gabe geratu beharko dut, seguru aski):
– Más atrás algún Montenegro salvable pese al subdesarrollo de la prosa, su Hombres sin Mujer, dos o tres cuentos de Lino Novás, que es un gran traductor.
– ¿Lino? ¡Por favor! Tú no has leído su versión de El viejo y el Mar. Hay por lo menos tres errores graves ya en la primera página. Me dio lástima seguir buscándolos. No me gustan las decepciones. Por curiosidad miré la última página. Allí llega a convertir los leones africanos del recuerdo de Santiago, ¡en «leones marinos»! Es decir, en morsas. Del carajo.
Lehenbiziko orrialdeko balizko horiek alde batera utzita, errepara diezaiogun nobelatxoaren bukaerari:
The old man was dreaming about the lions. (Ernest Hemingway)
El viejo soñaba con los leones marinos. (Lino Novás)
Agureak leoiak zitun amets-gai. (Gotzon Goenaga)
Euskarara, orain arte, bi aldiz ekarri da. Lehenbizikoz Gotzon Goenaga jesuitak ekarri zuen, Itxaropena argitaldariaren Kuliska Sortan, eta nahi duenak José de Artecheren hitzaurrean ikus dezake egile-eskubideak lortzeko argitaratzaileek egin behar izan zituzten gestioen berri. Bigarrenean Joxemari Iturralde izan zen itzultzailea. Ez dut une honetan itzulpena eskura. Beraz, ez daukat ezer esaterik horretaz.
Ikusten denez, lehen euskaratzaileak ere Cabrera Infantek bezala ikusten zuen kontua. Lino Novásek, nobelan zehar lehoiak hondartzan ageri zirenez, pentsatu zuen itsas lehoiak izan behar zutela eta «zehaztapen» hori egitera ausartu zen, arrazoi funtsezkorik gabe, nire ustez. Hemingwayk Afrikan egindako ehizaldiei buruz pixka bat informatuta egonda, ez zeukan horrelako interpretazio arriskutsurik egin beharrik. Kontua da geroztik, zuzentzeko aukera izan bada ere, horrelaxe argitaratzen jarraitzen duela, eta Agurea eta itsasoaren gaztelaniazko itzulpenik ezagunena, onerako edo txarrerako, horixe dela, eta are oraingo argitaratzaileek –nik hor jaso dudana 1989an Mexiko argitaratutako liburu batean aurkitu dut, bereziki saiatu gabe– horixe argitaratzen dutela. Horrek itzulpenen argitaratu ondoko zuzenketaren gaira garamatza, baina hori beste baterako utziko dut.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: