PROSTITUTA ETA ENPERATRIZA

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2008-06-16 19:17

Nagore Irazustabarrena

Bizantzio, 532, urtarrilak 17. Egun horretan, historiako emakumerik boteretsuenetakoak matxinada odoltsu bati aurre eginez Bizantzioko Inperioak senarraren manupean jarraitzea lortu zuen. Urte batzuk lehenago inork ez zuen horrelakorik sinetsiko.

Familia txiro bateko alaba, Teodora prostituta ezaguna zen hamabost urterekin. Bere edertasuna eta sexu gosea aipatu zuten behin eta berriro garaikideek. Prokopiok zioenez, "Teodorak uste zuen Jainkoak zulo gehiago eman beharko zizkiokeela, jende gehiagori aldi berean plazer gehiago eman ahal izateko". Hainbat amorante izan zituen ordurako eta haur bat ere izan zuen harreman horien ondorioz. Gainera, aktorea ere bazen (garai hartan aktorea eta prostituta sinonimoak izan ohi ziren) eta Ledaren rola biluzik antzezteagatik egin zen ezagun.

Hogei urte zituela Justiniano ezagutu eta maitemindu zuen. Justinianok nobleak aktoreekin ezkontzea debekatzen zuen legea aldatzeko eskatu zion bere osaba enperadoreari eta Teodorarekin ezkondu zen, inguruan piztu zuen eskandaluari aurre eginez. Baina Teodora sexu bikote paregabea baino gehiago zen, eta senarra 527an enperadore izendatu zutenean, Justinianok toki garrantzitsua gorde zuen bere gobernuan emaztearentzat. Emakumeen eskubideen aldeko borroka bultzatzen aitzindari izan zen, emazte adulteriogileen heriotza zigorra debekatu zuen, Konstantinoplako hainbat prostituzio etxe itxi zituen eta nahi ez ziren haur jaio berriak hiltzen uzteko ohitura ere zigortu zuen.

Inperioaren kontrola eskuratu eta 5 urtera Justinianok bere agintaldiko erronka gogorrenarekin egin zuen topo. Gurdi lasterketetan zaleen arteko liskarrak ohikoak izaten ziren, baina 532ko hasiera hartako lasterketan talde urdinekoen eta berdekoen arteko gatazka odoltsuak eztanda egin zuen Konstantinoplako hipodromoan. Zazpi zale urkamendira kondenatu zituzten, baina exekuzioan «hooligan» oldeek bi kondenatu salbatzea lortu zuten. Bi taldeek zigorrak barkatzea eskatu zioten enperadoreari, baina honen ezezkoa jasotzean, berdeek eta urdinek bat egin zuten Justinianoren aurka. Astebetez kaosa hedatu zen hirian, matxinatuek kondenatuak askatzea lortu zuten indarrez eta enperadoreari bere bi ofizial nagusien dimisioa eskatu zioten.

Urtarrilaren 17an, igande arratsean, Justinianok amore eman eta matxinatuen baldintzak onartu zituen publikoki. Baina erreboltariek aurrera jarraitu zuten, Hypatius izeneko noblea enperadore izendatu eta Justinianoren jauregia inguratuz. Jauregiaren kaian zain zuen ontzia Justinianok eta haren kontseilariek hiria utz zezan aholkatu zioten. Teodorak, ordea, ez zuen alde egiteko asmorik: "Hegan egitea salbatzeko bide bakarra bada, orduan hegan egiteari uko egingo diot" esanez, senarra eta bere gobernua iritziz aldatzera bultzatu eta soldaduak Belisario jeneralaren agindupean hipodromora bidali zituzten. Justiniano beste 33 urtez egon zen boterean.

Liskarretan eliza zahar bat suntsitu zuten. Gatazka amaitu eta 45 egunetara, eliza hura ordezkatzeko lanak hasi ziren enperadorearen aginduz. Santa Sofia izena ipini zioten.

(Denboraren makina, ARGIA, 2007-I-14)


Utzi iruzkina: