PONPEIA SUNTSITUA...BIGARRENEZ
Nagore Irazustabarrena, ARGIA, 2009-04-12
-- 2180.zenb
Kanpania (gaurko Italia), K. o. 79. Vesuvio mendiak eztanda egin eta Ponpeia eta Herkulano hiriak errautsetan estali zituen. Ordura arte Erromatar Inperioko hiri oparoak izandakoak bat-batean desagertu ziren, mapatik nahiz historiatik.
Ponpeiarren zorigaiztoa arkeologo eta historialarien zorion bilakatu zen handik mende mordo batera. Lehen arrastoak 1550ean topatu zituzten, baina indusketa lanak 1738an hasi ziren Herkulanon, eta hamar urte geroago Ponpeian. Errautsak xehetasunik txikienak ere kontserbatu zituen eta, gainerako erromatar hiriek ez bezala, Ponpeiak inolako aldaketarik gabe eutsi zion.
Baina 1943an, Bigarren Mundu Gerra betean, armada aliatua Ponpeia bigarrenez suntsitzeko zorian izan zen. Eta aliatuen bonbek Vesuvioko errautsek baino begirune gutxiago izan zuten arrastoekin. Aliatuek behin eta berriro bonbardatu zituzten Napoli probintziako inguruak, Ponpeia barne. Zortzi egunez, 190 bonba inguru bota zituzten aztarnategian, konpondu ezineko kaltea eraginez. Ponpeiako superintendente Amedeo Maiurik mezu garbia helarazi zien herrialde neutralei: “Ponpeia, gizon eta emakume guztiontzat sakratua den monumentua, suntsitzen ari den indarkeria itsu eta krudela eten behar dugu”. Baina herrialde neutralek entzungor egin zuten, eta Kultura Ministerioak hondamena dokumentatzeko beharrezkoak ziren kristalezko plakak bidaltzea ere ez zuen lortu, italiar gobernua gainbehera baitzetorren.
Besteak beste, Venusen etxe ezagunean bonbek utzitako arrastoak ikus daitezke gaur egun, baina zutik eutsi zion, behintzat. Beste eraikin eta objektu batzuek ez zuten halako zorterik izan: Foroko arkuak, Romulo eta Remoren etxea eta Triptolemorena erabat suntsitu zituzten; Dianaren etxeko zati bat eta Epidio Ruforen etxeko atrio ederra ere galdu ziren; eta Ponpeiar Museoa desagerrarazi zuten.
Eztandek eragindako berehalako kalteez gain, bonbek lurzorua astindu zuten, eraikin askotan arrakalak agertu ziren eta hurrengo urteetan euriak fresko eta horma asko hondatu zituen. Gainera, gaur egun oraindik lehertu gabeko bonbak aurkitzen dituzte arkeologoek.
Xehetasun horiek guztiak duela urte gutxi jakinarazi dituzte eta, zenbait arkeologoren ustez, ez dugu sekula jakingo bonbardaketak benetan zenbaterainoko kalteak eragin zituen. Erasoen ondorioak ezkutatzeko ahalegin handia egin zuten, aliatuen irudia ez kaltetzearren. Jakina baita historia garaileek idazten –edo ezabatzen– dutela.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: