PONPEIA ETA HERKULANOKO BIZITZA EZAGUTZEKO AUKERA DAGO LONDRESEN
BERRIA, 2013-04-02
Ponpeia eta Herkulanoko bizitza ezagutzeko aukera dago Londresen
Italiatik aurreneko aldiz atera dituzten 450 piezak osatzen dute British Museumen zabaldutako erakusketa
Agentziak Londres
Londresko British Museum museo ezagunean Italiatik aurreneko aldiz ateratako 450 pieza ikusteko aukera dago egunotan, Ponpeia eta Herkulano erromatar hirietako bizimodua eta bi hiri horien bat-bateko suntsipena ezagutzeko aukera ematen duen erakusketa batean. Erakusketak agerian jartzen duen moduan, oparotasun handiko bizimodua izan zen Ponpeia eta Herkulanoko bizilagunena, harik eta Vesuvio sumendiaren erupzioak inguru guztia hondatu eta bizilagun denak hil zituen arte, Kristo ondorengo 79. artean. Life and Death in Pompeii and Herculaneum da erakusketaren izenburua (Bizitza eta heriotza Ponpeia eta Herkulanon). Irailaren 29a arte izango da zabalik.
Duela gutxi egindako indusketetan aurkitutakoak dira erakusketan bildutako piezetako batzuk. Erakusketan sartzen den bisitaria klase goreneko bizilagun baten etxearen erreprodukzioan sartzen da, eta etxeko atal guztiak ikus ditzake: atrium-etik hasita logeletaraino, lorategia, sukaldea eta egongela edo areto nagusitik pasatuta. Dena margolanekin edo marmolez egindako eskulturekin apainduta. Etxetik kanpo, bizitza sozial oparoa zuten Ponpeia eta Herkulanoko bizilagunek, eta horretarako espazio egokiak, hala nola tenpluak, bainu etxeak eta antzokiak.
Erakusketako elementurik harrigarrienetako bat, hala ere, margolanak dira, batez ere ikusirik zein ondo gorde diren hainbeste denboraren ondoren. Vesuviok egotzitako laba geruza handia da horren sekretua. Zazpi metroko alturan azpiratu zituen labak Ponpeian eta Herkulanon harrapatutako guztia, eta oxigenorik gabeko azpiratzen horretan hondatu gabe gorde ziren margolanak mendeetan eta mendeetan. Motibo berarengatik garai hartako janariak ere ikusi eta ezagutzeko moduan gorde dira, eta horrelaxe jasoak daude erakusketan.
Aberatsen udako lekua
Napoliko probintzian kokatua, Ponpeia Erromako Inperioko gune nagusi eta oparoenetako bat zen, Vesuvioko labak suntsitu zuen unean. Aberatsek uda han pasatzea maite zuten, era guztietako plazerak gozatzera emanak.
Ipar eta hegoaldearen arteko pasabide nahitaezkoa izateaz gain, portua eta bidegurutze garrantzitsuak ere bazituen Ponpeiak, eta beti izan zen hiri desiratua eta, horrenbestez, hainbat herriren arteko borroka gogorren gunea. Cuma kolonia greziarrak konkistatu zuen lehenik, Kristo aurreko 525. eta 474. urteen artean, eta, gero, itxura guztien arabera —Estrabon historialariaren idatziak tarteko—, etruskoen eskuetara pasatu zen.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: