PANEM ET CIRCENSES
BERRIA, 2013-11-23
Lucien Etxezaharreta
Ogia eta zirku jokoak... hori zuten Erromako enperadoreek populuari eskaintzen zerbait krisia zelarik, horrek piztu kezkak gainditzeko. Populu pobrea, eskolatu gabea, horrela kudeatzen zen, boterean zirenak beren aulkietan lasai egoteko. Ohargarri da ere nolako jokoak ziren, esklabo batzuen arteko guduak, hil arte gehienetan. Odola eta alegria, horra aspaldidaniko metodoa.
Gertatu zait Frantzia eta Ukrainaren arteko bigarren partidari so egitea. 3-0 markak zoriona piztu du gure errepublikan, 14 milioi pertsona ikusten ari zirela telebistan, zelaiaren inguruko 65.000etarik bestalde. Omen horrek batasun nazionala egin du Baionako Deschamps selekzio egilearen esku sortu taldeari esker. Aho beteka, orroaz ikusten ziren, hamar milaka, beren bandera urdin-zuri-gorria eskutan, zorionez bete jendeak, Marseillaise ereserkiaren «odol zikin batek gure ildoak bete ditzan» kantatzen. Berdin loria gintezke ikusiz lehengo gerlek egin batasuna kirolak egiten zuela. Hainbat hobe!
Ordu berean, telebistako bigarren katean Hitler eta nazismoaren gorakada kontatzen zuen film dokumentala bazen. Jende guti horri begira, nahiz ikustekorik bazen. Bereziki nola baliatu ziren jende osteen biltzeak hiri guzietan, naziek indar erraldoia zutela erakusteko. Hor ziren Nurembergeko kongresuak SA eta SSen lerrokatze izugarriekin. Ohargarri ere nola Leni Riefenstahl zinemagileak hori erakutsi zuen, bereziki 1936ko Joko Olinpikoetako jainkoak.
Kirolaren manipulazioa diktadura demokratiko isil batean jendea sartzeko? Gogo txarreko oharra daiteke hau, batzuentzat, baina kontuz, gogoan har baitezakegu diktaduretako futbolaren erabilpena jendea sudur puntatik erabiltzeko.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: