ORGIAREN ISTORIOAK
Orgiari lotutako definizio askok kutsu morala dute. Berriro ere sexua moralaren morroi bihurtu da
AGURTZANE ORMATZA IMATZ
BERRIA, 2007-V-22
Maiz aipatzen da orgia hitza. Askoren fantasien ardatza dira orgiak, eta guk ematen ditugun hitzaldi eta ikastaroetan maiz agertzen dira horien inguruko galderak. Orgia entzutean ondorengo irudia etortzen zaigu burura: hainbat emakume eta gizon erdi biluzik, edo biluzik, espazio berean erotikak dauzkan edozelako jokabidetan murgildurik.
Harluxet entziklopediaren arabera orgiak hauxe esan nahi du: janean, edanean eta bestetan gehiegikeriak egiten diren jaia. Badira beste definizio batzuk ere: antzinako Erroman Bakoren omenez, eta Grezian Demeteren eta gero Dionisiosen omenez egiten ziren errituak edo. Hauxe beste bat: neurrigabeak diren pasioen asetze biziotsua. Gehiegikeria, neurrigabe eta biziotsu hitzak erabiltzen dira definizio horietan sexu hitza ez aipatzeagatik. Berriro ere moralaren eragina agerian geratzen da. Nork dio zer den gehiegikeria edo biziotsua? Eta neurrigabea?
Burgo Partridg (Londres, 1935) idazle eta historialariak Orgien istorioak liburua idatzi zuen 23 urte zituenean. Intelektualez osatutako Bloomsbury elkarteko kide zen Partridg. Sexualitatearen ikuspegitik hartuta, orgien errebisio jakintsua egin zuen Partridgek: Greziako zibilizaziotik hasi eta sasoi garaikidera.
Partridgen esanetan, antolatutako tentsioen askatzea da orgia. Ordura arte arte azaldu gabeko ikuspegia zen hura. Oso ikuspegi zabala ordurako. Alde batetik, historian zehar orgien inguruan izandako gorabeherak azaltzen dira, eta bestetik, zergatik diren erabilgarriak eta beharrezkoak. Haren ustez, orgiek barruko tentsioak askatzen laguntzen digute, eta, bestetik, instintuak eta joerak orekatzen. Hona hemen orgiei lotutako istorio batzuk
Greziaren Aroa. Greziarren kultura hedonismo sentsualean oinarritzen zen. Plazera, maitasuna eta edertasuna ziren ardatza. Horren adibide zen Afrodita Anosiaren jaialdia. Emakumeek ospatzen zuten festa zen, eta gozamena nahiz plazera zuen ardatz. Flagelazio erotikoa zen jokoetariko bat. Dionisiosi eskainitakoak ere garrantzitsuak ziren. Hiri-estatuak ordainduta, herri osoak otordu handi bat egiten zuen. Erotikari lotutatu jokabideak eta esanak ziren nagusi otorduaren ostean.
Erromatarren Aroa. Erromatarren bakanaletan lizunkeria agertzen bazen ere, idazlearen esanetan, indarkeriareki zegoen lotuta. Ez zuen zerikusirik hedonismoarekin. Erotikari lotutako joerak, halere, ez ziren falta.
Erdi Aroa. Hasieran, askatasun handia zegoen. Ezkontza ez zen oso seriotzat hartzen. Birjintasunak ez zeukan balio handirik. Gizonen eta emakumeen janzkera oso lizuna zen, gainera. Urteen poderioz, askatasun hori zeharo gutxitu zen, eta elizaren pisua handituz joan zen. Sorginak jomuga bihurtu ziren. Gurean esangura handia izan zuen horrek, hemen oso garrantzitsuak baitziren akelarreak.
XVIII-XIX. mendea. Kluben aroa izan zen. Gizonak hantxe elkartzen diren, erotikaren inguruan zituzten komuneko zaletasunak partekatzeko. Emakumeei debekatuta zeuden. Gizonek eskatuta, jai pribatuak antolatzen zirenean agertzen ziren emakumeak. Normalean, prostitutak izaten ziren. Gutxiago izan arren, baziren emakumeek beren fantasiak bideratzeko lekuak. Aristokraziako emakumeek eta gizonek osatutako klubak ere bazeuden. Erritoak, mozorroak eta jokabide erotikoak nagusi ziren haietan.
XX. mendea. Moral desberdinekin jantzitako arauak azaldu ziren.Aspaldian agertutako fenomenoa bada ere, isilpean dago. Bikotekideak trukatzeko eta emakume eta gizon desberdinak erotikaren jolasean murgiltzeko klubak dira nagusi.
Ikusten dugunez mendebaldeko gizarteetan sexualitateak, erotikak gure ars amandiak ekarritako joerak aztergai izan dira. Arauak eta tranpak beti bata bestearen eskutik, barneko joerak, tentsioak, gozamenak...askatzeko.
Mugak non edo zertarako?Bakoitzak bere barnean topatzeko dira, eta horren arabera jolasteko. Beraz ez jarri mugak eta moralik zuen erotikari.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: