ONDO MAITE ZAITUENAK

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2015-01-02 17:45

BERRIA, 2015-01-02 / Danele Sarriugarte

Bertso-saio batekin amaitu zen Feministaldia, eklipseen moduan gutxitan ikusteko aukera izaten diren horietakoa, landu ziren gaiengatik eta oholtza gainean oro zirelako emakumeak. Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi aritu ziren kantuan, eta Ainhoa Aranburu gai-jartzaile. Azken horren lana nabarmendu nahi nuke, bertsolaritzarekin nire lotura zuzenena Plazatik Gaztetxera ekimena izan den heinean luzaroan, lehiaketa horretan gaiak ematen jardun behar izan nuenez behin, eta ikaragarri zaila suertatu zitzaidanez, bereziki baloratu nituen Aranbururen amu hain fin nola zorrotzak.

Horietarik bat iltzatuta daukat oraindik, seguru asko, erantzuteko gogoa piztu zitzaidalako hantxe Guardetxean bertantxe, adi-adi nengoela. Aranburuk ahotan hartu zituen amodio erromantikoaren ikur-esaldiak, pixka bat atzeraka eragiten dizutenak, alboan etzaten zaizkizunei sekula aditu nahi ez zenizkiekeenak: zu gabe ez naiz ezer eta enparauak. Ea Alberdi eta Lujanbio zer esaldi zehatzek izutzen zituen gehien, horixe jakin nahi zuen.

Berehala etorri zitzaidan. Gaztelaniazko esaera bat, dokumentazio-lana egin ostean deskubritu dudana Kixotean duela jatorria: ondo maite zaituenak negar eginaraziko dizu. Cervantes institutuak atxikitako esanguran, ondo maite zaituenak zeure akatsak jakinaraziko dizkizu, eta zuzenduko ditu. Oihartzun sakon eta perbertso eta arriskutsuak hartzen ditu esaerak nire belarrietan. Ondo maitatzea ez da nahita sufriaraztea, ez da mina dohainik ematea, ez da beste baten arabera zeure burua moldatzea, harentzat hutsegiteak direnak konponduz. Ondo maitatzea ez da bestearen beldurrez elikatzea, bestearen segurtasun-gabezietan iraulkatzea, beti duda-mudatan biziaraztea.

Ondo maite zaituenak zaindu zaitzala, goxa diezazkizula aldi txarrak, leherraraz zaitzala barrez. Eta viceversa.


Utzi iruzkina: