NORMALAK
Angel Erro
BERRIA, 2014-01-21
Gizon bati helduta, besarkatuta, irakurri ditut Sebastian Iruñeko artzapezpiku benemerituaren adierazpenak. Badakit joan den astean idatzi nuela agure gonadun honetaz, baina, jaunak esana, maitatu etsaiak eta egin otoitz pertsegitzen zaituztetenen alde.
Nondik atera da gizon hau?, galdetu dit sofaideak haren hitzak ozen irakurri dizkiodanean. Iruñetik, erantzun diot —aitortzen dut— oraindik ongiegi ulertzen ez dudan harrotasun punttu batez, baina «nire sintoma gozatzeko» chauvinismo lacandartzat baino gehiago gizon honen itxikeria, guk ongi eta urtetan sufritua, urbi et orbe zabalduta ikustearen lasaitutzat jo nahiko nukeenaz.
Homosexualitatea gabezia dela esan du, hipertentsioa bezalaxe, sexualitatea bideratzeko tenorean huts egitea. Eta Euskal Herriko gatazkarako inoiz baliatu ez zuen aditz bat erabili du gu osatzeko: normalizatu. Hitz terriblea da normalizazioa (politikaren arloan hala inoiz iruditu ez arren).
Gero leitu dugu Italian moja bat ume batez erditu dela, bera haurdun zegoenik jakin gabe. Nik, bera izatera, azalpen horri eutsiko nioke hortzez eta haginez. Ama Birjinarena bezalako esperientzia sexual «normalak» onartu ez ezik gurtu egiten dituzten nagusiek ezin diote aurka egin.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: