"NON EST"

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2014-01-30 16:47

Angel Erro

BERRIA, 2014-01-29

Neguko Olinpiar Jokoak sarri egin behar diren Sotxiko alkateak, Anatoli Pakhomov delako batek, bere hirian ez dagoela homosexualik adierazita harritu du komunitate zientifikoa. Fenomeno bitxi hori, nik dakidala, eta Mahmoud Ahmadinejad presidentearen lekukotasunari kasu eginik, Sotxiz gain, Iranen baino ez da orain arte izan. Sotxiko Gay Studies-etako txosten bat pasako zioten berari ere, ongi bilatuta ere, baita leizerik ilunetan ere, «pepinoaren klubean» harpidedunik %0 badagoela erakutsiz.

Zerbaiten existentzia ukatzea arrunt gauza zaila da, filosofoei kasu egitera, baina politikariak (edo ezjakintasuna, nahi duzuen bezala deitu) ausartak dira, legeak ematen dien ziurtasun faltsua lagun. Quod non est in actis, non est in mundo, esan ohi dute legelariek: paperean jasota ez dagoena ez da mundu honetan existitzen.

Baina nolatan jazartzen diote existitzen ez denari? Akaso homosexualitatearen kontrako legeak berak sortu ditu homosexualak? Aporia galanta. Paradoxen zalea dugulako Sotxiko alkatea. Sotxira doazen gay eta lesbianak ongi hartuak izanen direla esan eta berehala, horrelako jendea Sotxin ez dutela onartzen gehitu du.

Sotxin gay taberna bat ba omen dago, dena den. Hutsik, suposatzen dut.


Utzi iruzkina: