NIHIL OBSTAT
Itxaro Borda (BERRIA, 2008/IX/04)
Iragan egunean Paueko poliziak lau mutiko gazte atxilotu zituen, karrikan pasatzen ziren jendeen begipean, farmazien atarrietako preserbatibo banatzaileak zitzikatzen ari zirela. Hamar bazituzten jadanik xehekatuak, lekuko erdi itsuak hedexuriak deitu zituenean. Aurpegiak agerian eta burdin barrak eskuan ari omen ziren, hatsaren hartzeko denborarik ere gabe.
Hogei urteko mukizuak. Zaharrenak hogeita lau udaberri doi-doia. Pentsa, ez ziren ahalketu komisaldegian gero galdeei ihardetsi zietenean. Deplauki erran zuten, legea alde bailuten, kristau suharrak zirela eta ondorioz ez zutela, ez abortua, are gutxiago kontrazepzioa onartzen. Erromako aita saindua, saindua ote Etxahun Barkoxekoaren Kasteroren moldean?, kontent daiteke antzeko berriak entzutean.
Ez zen lehen aldia makina horiei jazartzen zitzaizkiela. Uztailean jadanik bekatuaren kontrako espedizio gaztigatzaile bat eramana zuten, aitortu zutenez. Sinestearen eta fedebide hertsiaren aitzakian. Katolikotasuna beste integrismo bat bihurtzen delako seinalea ote da? Dena den argi geratzen garai bateko lorpen sozial horien egoera zalantzakorra dela.
Gutxi aski da libertatearen galtzeko.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: