MENS SANA IN CORPORE SANO

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2009-06-09 17:35

Rogelio Fernandez Ortea, BERRIA, 2009-VI-9

Emozioez, sentimenduez edo adimen emozionalaz hitz egiten dugunean, ikerketa eta lan unitatea ez da garuna soilik, giza gorputza bere osotasunean baizik.

Gure organismoa, alde batetik, kanpoko estimuluak sistema sentsorial extrozeptiboaren bidez jasotzeko gai da, eta, horretarako, ibilbide neurala erabiltzen duten zentzuak (ukimena, usaimena, dastamena, entzumena eta ikusmena) darabiltza. Bestetik, ordea, gai da estimuluak sistema sentsorial introzeptiboarekin jasotzeko. Sistema horrek gure barne ingurumenaren berri ematen digu. Seinale introzeptiboak odol korrontetik datorren informazioan eta garunari informazioa ematen dion sistema neuralean oinarritzen dira. Funtzio hori seinale elektrokimikoen bidez betetzen da, eta hainbat informazio ematen dute seinale horiek organismoko atalei buruz: gure barnean gertatzen denari buruz, adibidez mina eta tenperatura; gure erraiei buruz; ildaskatutako muskuluei buruz; eta sistema bestibularrari buruz.

Horrek esan nahi du emozioen genesia osatzen duten seinaleak neurri handi batean gure gorputz barnetik datozela. Beraz, osasun fisiko onak osasun mentala hobetu dezake, eta alderantziz. Erantzun emozionalek barne ingurumena eraldatzen dute, eta hor sortzen den gorputz-garun-gorputz kiribil horrek gure osasun egoeraren sentsazioa sortzen du.

Osasuna gure gorputza zainduz hobetu daiteke: jaki osasuntsuekin, kirola eginez eta ohitura osasungarriak izanez bizitza pertsonalean, familian, gizartean eta lan arloan. Baina baita gure mundu emozionala era egokian erregulatuz ere. Gure egoera emozionalak sistema immunitarioan, endokrinoan eta nerbio sisteman duen garrantziaregatik, gure emozioek eragina dute gaixotasunak eta ajeak garatu, sendatu edo okertzeko orduan. Horregatik, nahitaezkoa bihurtzen da emozioen erabilera inteligentea egitea.

Datozen hilabete hauetan izango dugun udaldia eta opor egunak garai egokia izango da orain arte aipatu duguna praktikan jartzeko. Negu luze honetan pilatu dugun estresaz atseden hartu, maite ditugun eta maite gaituzten pertsonekin egon, etxetik kanpo denbora gehiago pasatu kirol pixka bat eginez, gure jateko ohiturak hobetu eta pixka bat zoriontsuagoak izaten saiatu beharko genuke. Orain arte esan duguna denok jakin badakigun arren, lagungarria gertatzen da irakurle guztientzat, eta baita artikulua idazten ari den honentzat ere. Emozionalki osasungarria den uda igaro dezazuela.


Utzi iruzkina: