KRISIA LABIRINTOAN

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2012-08-03 14:10

 Zirtak 

Jose Inazio Basterretxea

Jose Inazio Basterretxea


ARGIA, 2294. alea
2011-X-16

(Antton Olariaga)

Bazen behin labirinto bat Kreta urrunean, bere baitan Minotauro delako piztia bat gordetzen zuena atxilo. Labirinto hark ez zion ateratzen uzten bertara jausitako gajoari. Kale zeihar, bidegurutze anitz, eta segada eta tranpaz betea... haratutako denak nahasten, erotzen eta galtzen zituen bere barrualde konplexuan.

Zazpi neskatila eta zazpi mutil gordetzen zituen eraikuntzak: erdi gizon eta erdi zezen hark eduki zezan bazka garbia. Munduaren lau bazterretatik ekarriak ziren gazte horiek; labirintoa munduaren bazter horietara guztietara hedatuko zen aieru eta bihozkada gisa.

KRETATIK MUNDURA. Dedalo arkitektoari eskatu zitzaion kartzela hura diseinatu eta eraikitzea; Minos erregeak eman zion enkargua. Errege labirinto zaleak honako hauek zituen guraso: Zeus –jainko olinpikoen buruzagia– eta Europa –Tiroko lore-biltzaile ederra.

Itxia eta mendekoa nahi izan zuen Minos krudelak kartzela. Aldaezina eta ziklikoa ezarri zuen bertako bizitza: bueltaka eta bueltaka ibili behar zuen presoak han, atzera-aurrera, ezinezko ametsetan galdurik.

Mendeen joan-etorriak bultzatuta, Kreta inguruko herriek eta nazioek Europa izena berenganatu zuten: Tiroko lore-biltzaile hura gogoan hartuta. Eta, eder haren itzalpean, Minotauro delako piztia itsusiaren atzaparretara erori ziren Mediterraneoak bainatzen zituen lurralde denak.

Ez ziren jada hamalau lagun labirintoan harrapatutakoak, ezpada ze askoz gehiago, konta ezin beste. Auzo eta herri osoak, nazio zabalak –pobreak nahiz aberatsak–, den-denak erori ziren labirintoaren zurrunbiloaren baitara. Eta beraiekin batera, baita herritarrak ere: gazte nahiz zahar.

Labirinto zahar hartako segadek ere hartu dituzte beren bataioko ur berriak, orain deitzen dira: banketxe, mailegu, iruzur fiskal, kaleratze umilgarri… eta denen kapitain egiten du espekulazio deitutako batek

Bizitza berri baten esperoan berenganatu zuten denek Europa deitutako ametsa. Eta, konturatu gabe, lo gaiztoa baizik ez zuten oheratu.

MUNDUTIK INFERNURA. Itxura berriak hartu, eta aldatu egin zuen Minotauro hark izena, honako hau bereganaturik: Kapitalismo. Eta, izenak izen, beti bezain basati jardun izan du, ez Mediterraneoan bakarrik, mundu osoan baizik.

Labirinto zahar hartako segadek ere hartu dituzte beren bataioko ur berriak, orain deitzen dira: banketxe, mailegu, iruzur fiskal, kaleratze umilgarri... eta denen kapitain egiten du espekulazio deitutako batek.

Mitologia zaharrak kontatzen duenez, Minotauro odoltsu hura hil zuen Teseo izeneko gazte batek: labirintora jauzi egin eta mendean hartu zuen hark zezena. Aterabiderik ez zeukan kartzela hartatik irteten asmatzeko, hari bat eraman zuen Teseok gerrian lotuta, Ariadna panpoxak bezperan ehundu eta zirrikitu batetik eusten ziona.

Alderdi horretan, ez da errepikatu historia; baina bestelakoetan, bai. Labirinto zahar hura goitik behera suntsitu zen; baina berriak hor dirau, eta kapitain berria garbitu duenik ez da jaio, ez zeruan ezta lurrean ere. Hedatzen doa labirinto modernoa; gero eta piztia basati gehiago ari da bertara biltzen: lanik eza, soldatarik eza, pentsiorik eza... familia bereko zilarrezko otsoak denak.

Kreta zaharreko garaietan bezala, alderrai ibiltzera dago derrigorturik herritarra: mailegu-jasotzaile herratua da orain, lan-biltzaile noragabea, elkartasunaren eskeko nahasia, eta administrazioen bufoi irrigarria.

Egungo banku gosetiekin, burtsako espekulatzaileekin, gobernu alienatuekin… zer egingo ote zuen Teseo askatzaile hark?


Utzi iruzkina: