KLEPTOKRATAK
Itxaro Borda (BERRIA, 2008/X/01)
Arrotz edo herresta familia batek bankarrot dagienean, entzuten da beti pobretzen direla, ez dakitelako ongi lan egiten eta dirua kudeatzen. Lastoz ase bitez, merezi baizik ez dute. Banketxe amerikarrak peko errekaratzeko orduan nehork ez du zuzendarien kudeaketa zalantzan jartzen eta denek beharko genieke ez daukagun sosetik eman haien standing-aren zein nagusien urrezko paraikaidos-en salbatzeko. Washingtoneko Kongresuak ez ditu beraz aipatu zazpiehun mila milioiak sartuko --zenbat mendeetarako SMICa?-- Michael Hudsonek deitzen dituen Wall Streeteko kleptokraten osasunaren bermatzeko.
Alabaina nor da munduan zeharreko miseria gorriaren erruduna, opari fiskalez eta politikarien balaka melekaz hordi dabiltzan ontasun komunaren pribatizatzaileak ez baldin badira. Eta langabetuak, berregituratuak, ahalketuak, baztertuak, gosaiotuak, plansozializatuak, rapaceous kleptocracy hau justifikatzen duten arduragabedun ekonomiko ohoratuen zuloak tapatzekoak lituzke? Daldara doaz bazterrak. Krisi larriaren atarian gaudela errepikatzen eta urrikia hitzaren erranahia norabidez aldatzen digute, elez desjabetzen gaituztela gainera.
Hold up horren aitzinean hold on.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: