KLEOPATRAREN SUDURRA MOTZAGOA IZAN BALITZ...
Nagore IrazustabarrenaARGIA, 2317. alea 2012-IV-01 |
Alexandria (Egipto) K.a. 30.eko abuztuaren 12a. Kleopatra VII.a Filopator Egiptoko azken faraoia hil zen. Hurrengo 2.000 urteetan emakume seduzitzailearen paradigma izan da, eta bere erakarpen indarraren gakoa, sudurra. Hala, XVII. mendean, Blaise Pascal filosofo frantziarrak zera esan zuen: “Kleopatraren sudurra motzagoa izan balitz, mundua oso bestelakoa litzateke”.
Neba Ptolomeoren aurka borrokan ari zela, Kleopatrak –edo haren sudurrak– Julio Zesar seduzitu zuen, jeneralak gerra zibilean parte hartzea lortu zuen eta, horri esker, Egiptoko tronua berreskuratu zuen. Ondoren, Marko Antonio ere limurtu zuen, eta erresumari eutsi zion. Baina Oktaviori haren sudurra ez zitzaion gustatu, nonbait, eta Egipto erromatar probintzia bihurtu zuen.
Baina nolakoa zen Kleopatraren sudur ahalguztiduna? Hainbat adituk bere denbora baliotsua galdera horri erantzuten erabiltzea erabaki du. Kleopatraren hilobia ez dute aurkitu eta, beraz, haren irudiak baino ezin dituzte aztertu. Egiptoar estiloan egindako irudi idealizatuak ez dira fidagarriak, eta, horregatik, sinesgarritasun handiagoa eman diete estilo greziarrean –Kleopatraren dinastia helenistikoa zen– egindako txanponei eta eskultura txikiei. Irudiko txanponean, esaterako, hazpegi gogorra du erreginak, eta sudur luzea. Ez dirudi zinemak saldu digun erregina ederrarekin bat datorrenik; begira, bestela, Liz Taylor eta Vivien Leigh aktoreen sudurrei. Greziar edo erromatar artelanei erreparatuta, garai hartako edertasun kanonei ere ez die erantzuten. Egia da txanponek ez zutela pertsonaien benetako itxura zertan jaso, eta ohikoa zela arbasoen ezaugarriak biltzen zituzten erretratu sinbolikoak egitea. Zenbait adituren arabera, Kleopatraren erretratuek aitaren aurpegiera jasotzen dute (erreginaren tituluko filopator horrek “aita maite duena” esan nahi du).
Finean, ez dakigu Kleopatraren sudurra nolakoa zen. Eta zer? Azken faraoia hil eta 100 bat urtera Plutarkok luze idatzi zuen Kleopatrari buruz: zazpi hizkuntza zekizkiela jaso zuen, eta literatura, musika, zientzia politikoak, matematika, astronomia eta medikuntza irakatsi zizkiotela. Manera fin eta gozoak omen zituen, eta ahots erakargarria. Hondamen ekonomikoan zegoen erresumak gora egin zuen haren erabakiei esker, eta garaiko diplomazialari bikainenetakoa izan zen, erromatarren konkista atzeratu bai, baina geldiaraztea lortu ez zuen arren. “Haren edertasun paregabea barrukoa zen”, idatzi zuen Plutarkok, “eta eragiten zuen lilura ez zen berehalakoa”. Haren sudurra ez zuen aipatu ere egin historialari greziarrak. Baina mendeen –eta mentalitateen– poderioz, emakume haren adimen bikaina edertasun bihurtu zen, eta edertasuna, sudur. Kleopatraren sudurrak ez zuen historia aldatu. Sudurraren atzean zuenak, agian, bai.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: