Kartografia. ERREALITATEA DEFORMATZEKO ARTEA

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2012-08-03 15:48

 Asteko gaia 

Gure planeta zatika nahiz osorik irudikatzeak desitxuratzea ekarri du beti berarekin. Hasieran, oztopo teknikoengatik, lurra biribila zela jakitean, esfera plano bihurtzeagatik, eta, batez ere, mapagintza agintarientzat alor estrategikoa izan delako eta mapak nahieran aldatu eta erabili dituztelako. Eta gurean, Euskal Herria oinarririk gabeko asmakizuna omen delako.

Nagore  Irazustabarrena

Nagore Irazustabarrena


ARGIA, 2329. alea
2012-VII-01
Abraham  Orteliusen 1570eko munduko mapa. Kontinente guztiak ezagunak izaki eta teknologia hobetuta, XVI. mendean mapak asko hobetu ziren, baina oraindik esfera plano bihurtzeko zailtasunek deformazio handiak eragiten zituzten.
Abraham Orteliusen 1570eko munduko mapa. Kontinente guztiak ezagunak izaki eta teknologia hobetuta, XVI. mendean mapak asko hobetu ziren, baina oraindik esfera plano bihurtzeko zailtasunek deformazio handiak eragiten zituzten.

Antzina, lurra ibai handi batez inguratutako disko laua zen (edo hori uste zuten lurtarrek). Dakigula, Miletoko Tales izan zen, K.a. VII. mendean Lurra esferikoa dela esan zuen lehena. Baina ez zuen arrakasta handirik izan, eta mundua marrazteko diskoa erabili zuten hainbat mendez, Greziako filosofo handiek, eta nagusiki Aristotelesek, esferikotasuna gailentzea lortu zuten arte.
Forma behin betiko ezarri ondoren, Lurrak neurria behar zuen, eta horretan jardun zuten zientzialariek. Haietako bat Alexandriako liburuzaina izan zen, Eratostenes, K.a. III. mendean. Oztopo teknikoak oztopo eta akatsak akats, emaitza harrigarria lortu zuen: 39.500 kilometroko zirkunferentzia (benetakoa 40.000 ingurukoa da).

Baina mapak egiteko, kontuan izan behar zen gainazal lau batean marraztutakoak izatez biribila den errealitatea islatu nahi duela. Berriz ere, greziarrak izan ziren horretan aitzindari. K.a. II. mendean Hiparko astronomoak egin zituen lehen proiekzioak. Deformazioa saihestezina zen, baina lurra ahalik eta gutxien desitxuratzea zen proiekzio horien helburua. Alabaina, aurrerantzean askotariko interesak izango ziren nagusiki mapak desitxuratuko zituztenak, eta ez oztopo teknikoak.

Elizarekin topo

Erromatarrek eutsi egin zioten mapagintzari, baina greziarrek itsasoari begiratzen bazioten, haiek lehorrari. Erromatar kartografiak helburu praktikoa besterik ez zuen; ejertzito, zerga biltzaile eta abarrentzako tresna izatea, alegia.
Arabiarrek klasikoen jakintza gorde zuten, Indiako eta Ekialde Urruneko aurrerapenez aberastuta. Baina  Europan erlijio hutsean oinarritutako munduaren irudiak ohiko bihurtu ziren Erdi Aroan. Adibidez, Lurra hiru zati sinbolikotan banatzen zutenak, orduan ezagunak ziren hiru kontinenteetako bakoitza adieraziz. Europa eta Afrika behealdean zeuden, ibai batek banatuta; Asia, berriz, goian (garai hartan paradisua bertan zegoela uste baitzuten).

Geografia eta teologia uztartzen zituzten irudi haiek ez zituzten marinelen beharrak asetzen. Horregatik, mapa erabilgarriagoak egiten hasi ziren, beren kabuz, XII. mendean Asiatik etorritako iparrorratza baliatuta. Praktikoak ziren, eta nahiko zehatzak, baina nabigazioa erraztea beste helbururik ez zuten. Munduaren ezagutzari dagokionez, Eliza katolikoaren “kartografia” nagusi zen. Europarrentzat, urruneko lurraldeak fantasiazko izakiz eta aurkitu gabeko aberastasunez josita zeuden.

Jakintza estrategikoa

XV. eta XVI. mendeetan, Europako itsas potentzien espansionismoak goitik behera aldatu zuen kartografia. 50 urte eskasetan, munduaren ikuspegia guztiz zabaldu zen. Berpizkundean zientzia erlijioaren katetik askatu zen, eta mapagileak munduari gaur duen itxura ematen hasi ziren. Mercatorrek, 1569an argitaratutako atlasean, kartografia modernoaren ezaugarri gehienak bildu zituen, eta XVI. mendearen amaieran, artean lurralde ezezagunak zeuden arren, munduak gaur egungoaren antzeko irudia zeukan.

Baina kartografia funtsezko jakintza estrategiko bihurtu zen. Hala, zientziaren garapenak, neurtzeko tresna gero eta modernoagoek, Amerikako eta Ozeaniako lurraldeen aurkikuntzak… mapa fisiko geroz eta zehatzagoak ekarri zituzten, baina interes politikoek ezarritako mugek mapa politiko geroz eta deformatuagoak eragin zituzten. Esaterako, gerra napoleonikoen amaieran, 1815eko Vienako Kongresuaren xede nagusietakoa Europako mapa politikoa berriro marraztea izan zen. Eta Afrikako mapa politikoari erreparatu besterik ez dago kartografiaren desitxuratze politikoaz jabetzeko.

Logika gailendu artean, ikasleek Nafarroako Erresumarik gabeko euskal historia zentzugabea ikasiko dute
Mapek ez dute soilik lurraldea irudikatzen, lurraldea sortu ere egiten dute. Eta kartografia sozialak lurralde bidezkoagoa sortzen lagundu beharko luke

Gainera, mendetan zehar munduko atlas gehienek Europa erdigunetzat hartu izan dute. Eurozentrismoa mapagintzan ere nagusitu dela, alegia. Hala, planeta osoko mapetan gure kontinentea proportzio txukunetan ikusten ohitu gara, Ozeania, Groenlandia, Alaska edo Antartika erabat deformatuta agertzeari garrantzi handirik eman gabe. Historia garaileek idazten duten bezala, mapak garaileek marrazten dituzte.

Baina ez dago, ez denboran ez espazioan, urrun joan beharrik mapen deformazioaren lekuko izateko.

Euskal Herriko maparen zauri berriak

“Euskal Herriko historia Nafarroarekin batera kontatzen duten eskolak jazarri eta zigortu behar ditugu”, esan zuen Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak, 2003an. José María Aznar Espainiako presidente ohiak, aldiz, “Euskal Herria iruzur bat da” bota zuen 2008an. Urte berean, “Zapaterok bi hilabeteko epea eman du Euskal Herria terminoa euskal eskoletako Curriculumetik ezabatzeko”, irakurri genuen El Correo egunkariko artikulu batean. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak legez kanpokotzat jo zituen Euskal Herria hitza dakarten euskarazko testuliburu guztiak.

Ordurako, egun batetik bestera, eguraldiaren mapa aldatu egin zuten ETBn. Eta egun, Euskalmeten webgunean sartuz gero EAEko mapa ageri da lehenik, baina egun bat aukeratuta klik eginez gero, Iparraldean eta Nafarroan ere zer eguraldi egingo duen jakin dezakegu (EAEko mugak nabarmenago markatu arren).

Eskizofrenia kartografiko moduko hori larriagoa da hezkuntzan. Euskarazko testuliburuetan Euskal Herria kontzeptua Euskadi bihurtzen ari da derrigorrez, eta EAEko mapak Euskal Herrikoak ordezkatzen ari dira. Horrek esan nahi du, adibidez, iaz 12-13 urteko ikasle batek Gizarte Zientzietako liburuan Euskal Herriko mapak zituela, eta datorren urtean EAEko Geografia eta Historia soilik ikasiko dituela. Kontu ideologikoak albo batera utzita ere, logika pedagogikoak dio gure lurraldeetako Antzinaroko edo Erdi Aroko historia EAEra mugatzeak eta Nafarroa baztertzeak ez duela zentzurik. Eta, krisialdi betean, logika ekonomikoak dio euskarazko ikasleentzat hiru testuliburu bereizi (EAE, Nafarroa eta Iparraldea) prestatzea ez dela bideragarria. Baina logika gailendu artean, ikasleek Nafarroako Erresumarik gabeko euskal historia zentzugabea ikasiko dute, eta Nafarroan eta Iparraldean euskaraz ikasten dutenek EAEn bizi direla imajinatu beharko dute.

Kartografia sozialera bidean?

Euskal Herriko eguraldiaren mapagileek edo testuliburuetakoek oraindik badute lana mapak agintarien nahieran moldatzen. Baina, oro har, kartografia klasikoa hilzorian dago, teknologia berriek ekarritako kartografia automatikoaren mesedetan. Google Mapsen satelite bidezko irudiek Vermeerek margotutako kartografoen irudi erromantikoa ezabatu dute, autoetako gps nabigatzaileek paperezko errepide mapa tolesgarri tolestezinak ordezkatu dituzte…

Kartografo berriek, biziraun nahi badute, espezializaziora jo behar dutela uste dute batzuek. Esaterako, munduko erronka nagusietakoa uraren kudeaketa da, eta hala, kartografia hidrologikoak etorkizuna izan dezake.

Baina bada alternatiba zabalago bat: kartografia soziala. Vladimir Montoya antropologo kolonbiarraren hitzetan, “mapa ofizialak botere eta mendekotasuna harremanek baldintzatutako ezaguera tresnak dira. Pentsamendu kartografikoaren zentsurek zurruntasun geografikoa botereak eskatu bezala malgutzen dute, eta teknikak konpon ditzakeen baina ordena politikoak inposatzen dituen hutsuneak, isiluneak sartzen dituzte”. Haren ustez, mapek ez dute soilik lurraldea irudikatzen, lurraldea sortu ere egiten dute. Eta kartografia sozialak lurralde bidezkoagoa sortzen lagundu behar luke. Kartografia tradizionala “kanpoko adituek” egin dutela dio, eta kartografia soziala “barrutik” egin behar dela, mapak tokiko eragile sozial guztien ezagutzak aintzat hartuta egin behar direla.

Eta horrela, agian, lurraldea desitxuratzeko artea lurraldea itxuratzen hasiko da.

Afrikako pastelaren banaketa

XIX. mendean, Europako potentziek Afrikako kontinentea esploratutako eremuen arabera banatu zuten. Baina Afrikan lurralde gehienak kolonizatu gabe zeuden oraindik. Hala, elementu geografiko ezezagunei eta bertako biztanleek mendeetan mugatutako lurraldeei jaramonik egin gabe eskuaira erabiliz marraztu zituzten mugak.

Ingelesek bloke bat egin nahi zuten Kairotik Lurmutur hiriraino; frantsesek Senegaletik Sudaneraino; alemaniarrek beherago, egungo Tanzaniatik Kameruneraino; eta portugaldarrek Angola eta Mozambike batu nahi zituzten. 1884an Berlinen burututako biltzar batean mugako lerroak nola marraztu arautu zuten: kostaldean bi puntu markatzen ziren eta lehorrean sartzen ziren bi lerro marrazten zituzten laukizuzena itxi arte, laukizuzenaren barruko lurralde guztiak kolonizatzeko. Ederki ikusten a hori, esaterako, Nigerren, Togon edo Boli Kostan.

AEBetako estatuen arteko muga gehienak eta AEB eta Kanada arteko muga ere lerro zuzenez eginak daude. Baina Afrikan ez bezala, han biztanleria autoktonoa suntsitu egin zuten, eta biztanle berriek ez zuten arazorik izan beraiek jarritako mugetan bizitzeko. Afrikan, aldiz, mendetan etsai izandako herriak batu zituzten, eta batera bizitakoak banandu; eta kolonizazio errukigabea gatazka iturri da oraindik kontinente beltzean.

Euskal Herria aitortu du kartografiak

“Euskal Herria hitzarena edo lurraldeko maparena berria da, izugarria, gure izaera historikoaren muinaren aurkako erasoa. Sekula inor ez da ausartu hainbeste egitera. Etorkizunean existitzeko aukera ukatzeaz gain, sekula existitu ez garela diote” dio Jose Mari Esparzak Mapas para una nación liburuan (Txalaparta, 2011).

Lan horretan, Esparzak XI. mendetik hasi eta gaur arteko ehundik gora mapa bildu ditu, gehienak atzerriko bidaiariek, gerra kronikagileek, hizkuntzalariek… eginak, eta gehienak Euskal Herriko zazpi lurraldeak (edo Hegoaldeko lauak) biltzen dituztenak. Mapei lotuta, historian zehar euskaldunon lurraldeari emandako izenak ere biltzen ditu. Beraz, “nazioartean” onartutako lurraldea eta kontzeptua lantzen ditu liburuak, ez euskal herritarrek eman nahi izan dizkioten lurraldea eta kontzeptua. Frankismo garaian Espainian egindako mapa batzuek ere Euskal Herri osoa hartzen dutela ikus daiteke lan horretan, edo 1980ko hamarkadan Iruñeko Udalak argitaratutako liburu batek orain ukatzen den lurraldetasuna jasotzen duela.

Wasconia mapa batean lehenengoz irudikatu zutenetik mila urte igaro direnean, Euskal Herriko mapa (literalki) txikitzeko erasoak ugaldu dira; Esparzarentzat lurraldetasunaren aurkako “azken gudu modukoa” da. “Horregatik, horrelako liburuak beharrezkoak dira, sekula argitaratu behar ez liratekeen arren. Espero dezagun, egunen batean, guztiok begien bistakoa dena onartuko dugula”.


Utzi iruzkina: