JUNO MONETA, DIRUAREN JAINKOSA
Nagore IrazustabarrenaARGIA, 2269. alea 2011-III-20 |
Erroma, K.a. 344. Juno Moneta jainkosari eskainitako tenplua zabaldu zuten Kapitolioan, hiriko zazpi muinoetako batean. Juno zeruko erregina eta argiaren jainkosa zen, haurdunaldiaren, erditzearen eta ezkontzaren babeslea. Kapitolioko hirukoa osatzen zuen Jupiter eta Minervarekin batera. Saturno eta Opsen alaba zen, Jupiteren arreba eta emaztea, Marte, Vulkano eta Ilitiaren ama. Ekaitzekin jokatzea gustuko zuen eta, suminduta zegoenean, Olinpo osoa dardararazten zuen.
Baina erromatarrei mesede ere egiten zien, esaterako, Moneta ezizenpean. Kondairak dioenez, K.a. 390ean galiarrek Kapitolioa eraso zuten. Baina Junoren tenpluaren inguruan zebiltzan antzarak (jainkosaren hegaztiak), ohi duten moduan, zalapartan hasi ziren eta horrek hiritarrak ohartarazi omen zituen. Horri esker, erromatarrek galiarrei aurre egin zieten eta, esker onez, jainkosari “moneta” ezizena eman zioten. Hitzaren jatorria latinezko monere omen da (ohartarazi). Hala, Juno Moneta, jainkosa ohartarazlea litzateke. Zenbait adituren iritziz, ordea, hitzaren jatorria mons da, “muinoa” edo “mendia”, eta Kapitolioan lehenago ere zeruko erreginari eskainitako tenplua omen zegoelako hartu zuen izena.
K.a. 273. urtean, tenplua eraiki (edo berreraiki) eta hamarkada batzuk
geroago, tenpluaren aldamenean eta bere babesean zegoen eraikin batean
txanponak ekoizten hasi ziren. Hurrengo lau mendeetan, Augusto
enperadorearen agintaldira arte, Erromako zilarrezko txanpon guztiak
lantegi horretan egiten ziren eta horietako askok Juno Monetaren beraren
irudia zuten.
Horrenbestez, denbora kontua besterik ez zen izan txanponari berari “moneta” esatea. Eta handik etorriko ziren ingelesezko money, frantsesezko monnaie, gaztelerazko moneda eta italierazko nahiz euskarazko moneta.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: