ITZULERA ERROMATAR ARORA

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2013-04-26 19:22

                                                                                      BERRIA, 2013-04-25

Erromatar Inperio garaiko hiri bat nolakoa izan zitekeen ikus eta usaindu daiteke Iruñeko Baluarte plazan jarri duten erakusketan. Erakusketa ekainaren 19ra arte dago.

Irene Arrizurieta Iruñea

Erromatar garaiko hiri bat ezagutzeko aukera eskaintzen du Romanorum vita erakusketak, Baluarte plazan. / IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Erromatar Inperio garaiko hiri bateko eguneroko bizitzan murgiltzeko aukera eskaintzen du Romanorum vita. Erromaren historia bat erakusketak. Bisitaria erromatarren garaiko kale batean murgilduko da, hiriko biztanleen ohiturak ezagutuko ditu, eta ongi bizi zirenen etxe bat ezagutuko du. Horretarako, begiak ez eze, entzumena eta usaimena baliatu beharko ditu bisitariak. Iruñeko Baluarte plazan dago, eta ekainaren 19ra arte izanen da zabalik.

Iruñea izeneko herrixka zaharrean erromatarrek Ponpaelo hiria sortu zuten. Hiriaren ertzetako auzoak oso zabalak eta etxe txikiz edo txabolaz osatutakoak ziren. Han bizi ziren artisauak eta nekazariak beren ganaduekin. Baina hiriaren erdigunean, eraikinak bikainagoak ziren, eta hiriko kaleetan merkatarien, artisauen, dirudun eta boteretsuen zein zoroen joan-etorria etengabea zen. Hori da, behintzat, Romanorum Vita. Erromaren historia bat erakusketa ibiltariak esaten duena. Erromatar Inperioaren ezaugarriak eta hedadura azaltzen dituen ikus-entzunezko labur batekin hasten da erakusketa. La Caixa Fundazioak antolatu du Iruñeko Udalarekin elkarlanean. «Erromatar garaiko hiri batean itzulia egiteko aukera eskaintzen du. Hiriko negozioak ikusi, bertan bizi direnak entzun, urak zuen garrantzia ezagutu, hirian zeuden usainak antzeman edo hirian bizi zirenen erlijio ohiturak ezagutu», dio Joaquin Arbeloa Caixako Nafarroako ordezkariak. Erakusketak didaktikoa izan nahi du, herritar orok ulertzeko modukoa. «Hiri erromatar batean nolakoa zen bizimodua erakutsi nahi da. Ongi begiratzera, entzutera, usaintzera eta erromatarrak bizi ziren moduan bizitzera gonbidatzen du bisitaria».

Inperio garaiko hiria

Bisitaria erromatar garaian murgiltzeko xedez, erromatar garaiko hiri puska bat birsortu dute erakusketan. Kristo ondorengo I. mendera garamatza, Erroma inperio handi bat zeneko arora. Hiri erromatarra eraikitzeko oinarriak literaturako deskribapenetatik eta duela 2.000 urteko aztarnategi arkeologikoetatik hartu dituzte. Komun publikoak, merkatua, iturriak eta kale kantoietan jainkoak gurtzeko jartzen zituzten aldare txikiak ikus daitezke, erromatarrek jainkoentzat uzten zituzten jakiak eta guzti. «Hiria osatzen zuten toki batzuen benetako neurria berregiten eta errepikatzen saiatu gara», azpimarratu du Luis Reverter La Caixa Fundazioko presidenteak.

Baina kaleko giroa ez eze, etxe barrukoa ere ikusi, entzun eta usaindu daiteke. Ongi bizi ziren erromatarren Domus-a edo etxe bakartua ere ezagut daiteke: gonbidatuei ongietorria egiteko ataria, lapurretak eta kaleko zarata saihesteko leihorik gabeko sukaldea, bulegoa eta logela. Guztietan usain bereziak daude. Azafraia atarian, gonbidatuei saldan emateko; pikondo usaina, fruta arbolak landatzen zituztelako bulegoan, eta hildakoak gogoratzeko, argizaiolaz egiten zituzten maskarak... «Bisitatzen ari garen hiria ongi asko izan zitekeen Iruñea», dio Revertek.

Egunero egongo da zabalik. Astelehenetik ostiralera goizez (12:30- 14:00) eta arratsaldez (17:00-21:00) irekita dago erakusketa. Asteburuetan eta jaiegunetan 11:00etan zabaltzen dute. Ikastetxeek badute ordu bateko bisita gidatua eskatzeko aukera, euskaraz zein gaztelaniaz, 902-90 66 66 telefonora deituz.


Utzi iruzkina: