"IN VITRO" TRATAMENDUA DONOSTIAKO OSPITALEAN JASOTA, LEHEN UMEA JAIO DA
BERRIA, 2012-11-20
Ugalketa Lagundurako Unitatea 2005ean sortu zuten Donostian, eta urtarriletik dago martxan
Erredakzioa, Donostia
Peru Goikoetxea Etxeberria da ugalketa tratamendua
Donostiako Ospitalean jasota jaiotzen den lehen umea. Igande goizaldean
jaio zen haurra, eta gurasoek Osakidetzako langileen aldetik jasotako
arreta nabarmendu eta eskertu dute.
Joan den urtarrilean jarri
zuten martxan ugalketa lagundurako unitate berria Donostian. Ordura
arte, Gipuzkoako kasu guztiak Barakaldoko Gurutzetako ospitalera
(Bizkaia) bideratzen zituen Osakidetzak. Horrek luzatu egiten zuen
prozesua, itxaron zerrendak handiak baitziren. Unitate berriari esker,
orain tratamendua Donostiako Ospitalean bertan egin ahal dute, hala
behar duten bikoteek.
Uztailean, Donostiako Ospitaleko biologo
Arantxa Genberek azaldu zituen tratamenduaren nondik norakoak: neskaren
obulutegitik atera eta prestatu egiten dira obuluak. Mutilak hazia
ematen du, prestatu, eta ernaltzen uzten dira. Hazia txarragoa denean,
obulu bakoitzari espermatozoide bat sartzen zaio.
In vitro
tratamenduaren bitartez jaio da Peru Goikoetxea. Igandean, hilaren
19an, 03:30ean jaio zen. 3,660 kilo pisatu zuen, eta umearen aitak,
Jakes Goikoetxeak, adierazitakoaren arabera, ondo daude bai ama eta bai
jaioberria.
Gurasoak, Mikal Etxeberria eta Jakes Goikoetxea, oso
gustura daude hilabete hauetan jaso duten arretarekin. «Nabarmentzekoa
iruditzen zaigu Osakidetzako profesionalek, langile finak izateaz gain,
gurekin izan duten tratu humanoa».
Abian dira halako haurdunaldi
gehiago. Lau intseminazio eginda hamar bikotetik zazpik haurdun geratzea
lortuko dutela jakinarazi zuen uztailean Genberek.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: