ILUNPEAN

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2013-05-02 18:17

                                                                            BERRIA, 2013-04-28

                                                                                   Anjel Lertxundi

Lagun baten etxean geundela afaltzen, argia joan zen. Luze jo zuen lehen minutuak, luzeago bigarrenak. Etxe honetan ez al dago kandelarik!, bota zuen batek. Ez zeukaten kandela ziztrin bat ere. Agian ez zeukaten pospolorik ere erretzeari laga ziotenetik. Eskerrak ilargi betearen argiak gure plateretakoa erdi ikusten lagatzen zigun!

Hamar minutu doi iraun zuen argi faltak, baina aski izan zen mahai inguruan geunden guztion gogoa iluntzeko. Argi elektrikorik gabeko mundu bat aipatu zuen afaltiar batek, argi elektrikorik gabeko mundu bat imajinatzen hasi ginen guztiok. Akabo egun ezagutzen ditugun moduko gauak, agur gure sukaldeetako erosotasunari, ixo irrati-telebistak, adio betiko Interneti! Munduaren akabera ezagutuko dutenak ez dira gu geunden baino askoz ere abailduago sentituko.

Argia egin zenean, Bibliaren hasierako fiat lux! hartan unibertsoak sentituko zuen poza etorri zitzaidan burura.


Utzi iruzkina: