IGANDEA SAKRATUA DA

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2008-06-16 19:02


Nagore Irazustabarrena

argazkia

Erroma, K.o. 321. Konstantino I.a enperadoreak derrigorrezko atseden egun izendatu zuen igandea. Gaur egun ez dago zalantzarik kristauen jai eguna igandea dela, baina ez da beti horrela izan. Bibliak dio egun sakratua larunbata dela. Lehen kristauentzat huraxe zen atseden eguna; gogoan izan, finean, juduak zirela eta sabata errespetatzen zutela. K.o II. mendean hasi ziren igandea kontuan hartzen: igandean sortu zuen Jainkoak argia eta, batez ere, igandean berpiztu zen Jesukristo.

Konstantinoren legeak ez zuen larunbata erabat alboratu. Jainko kristauaren gurtza-egun nagusia izan zen oraindik urte batzuetan. Igandea, berriz, eguzki-jainko paganoen eguna zen; begira bestela igandea esateko ingelesek erabiltzen duten hitzari: sunday (eguzki-eguna). Antzinako Erroman du jatorria hitz ingelesak, haientzat asteko azken eguna dies solis baitzen.

Baina Konstantinok Inperioan kristautasunaren nagusitasuna ahalbidetu zuen moduan, apurka igandearen sakratutasuna ezartzea ere lortu zuen azkenean. Domeka latinezko dominicus, dies Domini-tik dator. Handik aurrera, berez, igandean ez zen lanik egingo eta Jainkoari eskainiko zitzaion atseden eguna.

Jaiegunaren etsairik gogorrena Industria Iraultza izan zen. Liberalismoak eliza katolikoaren hegemonia hautsi zuen mundu honetako kontuetan. Entziklopedia Frantsesak, esaterako, zera zioen “Dimanche” artikuluan: “Igandean lan egin behar da guztion aberastasunaren mesedetan”. Aitzakia ederra fabrika berriak etengabe produzi zezaten.

Horregatik, XIX. mendean langileen eta eliza katolikoaren interesek bat egin zuten. 1891an Rerum Novarum entziklikak, besteak beste, igandearen izaera sakratua jasotzen zuen; otoitzerako eguna zen, ez lanerako. Sindikatuek, beste modu batera, gauza bera eskatzen zuten. Horrela, alde guztietako presioak eraginda, estatuak hogeita lau orduko atsedenaren aldeko legeak onartzen hasi ziren pixkanaka. Lehena Alemania izan zen, entziklikaren urte berean, 1891n. Gero Espainiak onartu zuen atseden eguna, 1904an. Eta 1921an, Versalleseko itunean zehaztu zutenez, atseden egun hori “ahal den neurrian, herrialde bakoitzeko ohiturek kontsakratutako egunekin bat etorriko da”.

Ordutik igandea atseden egun ofiziala da Mendebaldeko herrialde guztietan. Baina, gainera, juduak ez izanda ere, sabata errespetatzen, hots, larunbatetan lanik ez egiten saiatzen gara, ohitura onak ez baitira galdu behar.

(Denboraren makina, ARGIA, 2008-I-27)


Utzi iruzkina: