HUTSARI IZU

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2013-04-27 17:17

                                                                                    BERRIA, 2013-04-27

                                                                                           Anjel Lertxundi

Klasikoek Horror vacui deitzen zioten espazio huts bat ezer gabe uzteari. Bete espazioak, bete denbora, ez utzi hutsari tarte txikienik ere! Bete gabeko espazioek, bete gabeko denborek gure baitako hutsa zizelatzen digute: barren hutsa habia epela da izuarentzat.

Espazio guztia bete eta bete nahi duen artearen kontra doa Oteitzaren egoskorkeria jenialaren borroka, hutsa ulertzeko ahalegin ezinezkoa. Beckett-en pertsonaien farfaila etengabeek ere denbora asetzea dute helburu, Godot-en esperoak (hutsak) eragiten dien izua uxatzeko.

Mugitu, alferrik badarik ere!, diosku etengabe gure izaera materialistak. Gauzez eta gauzez betetzen dugu espazioa, gauzak egiten eta gauzak egiten pasatzen dugu denbora. Baina bizitzan jarritako esperantzek porrot egiten dutenean, hutsaren izua sentitzen dugu. Krisi ekonomikoa krisi existentzialen iturri baita beti, izua sentitu dugu berriro langabeziaren datuekin.


Utzi iruzkina: