HERODOTOK ARRAZOI
Etruria, K.a. 40. Etruriarren herriak independentzia galdu zuen eta Erromatar Inperioko probintzia bihurtu zen. Huraxe izan zen mende luzez etruriarrek penintsula Italikoan izan zuten nagusitasunaren amaiera. Baina zein zen Mediterraneo mendebaldeko potentzia honen jatorria? Hainbat erantzun eman zaizkio galdera horri.
Herodoto historialari eta geografo greziarrak (K.a. 484-425) uste zuen Lidiatik, hots, ekialdetik abiatu zirela K.a. XIII. mendean.
Herodotoren herrikide batek, Halikarnasoko Dionisiok, berriz, etruriarrak Penintsula Italiko bertakoak zirela zioen. Bere esanetan, etruriar zibilizazioa ez zen beste inon garatu, eta etruriar hizkuntzak jatorri mediterraniarra zuen, ez ekialdekoa.
Iparraldetik etorri zirela zioen beste teoria batek. Egungo Suitzaren ekialdea eta Austriako mendebaldea omen zuten jatorri. Eskualde horretan bizi ziren zeltei raethii esaten zieten erromatarrek; eta etruriarrek euren burua rasena hitzez izendatzen zuten. Bi hitzen arteko antzak justifikatzen zuen hipotesi hori, eta XIX. mendean eta XX.eko hasieran arrakasta izan zuen. Baina azken mendean erabat baztertu dute.
Orain arte Dionisioren usteek izan dute pisu gehien, etruriarrek jatorri autoktonoa zutela, alegia. Herodotoren proposamena ez dute erabat alde batera utzi, eta zibilizazioak ekialdeko eragina izan zuela onartu da. Baina eragina besterik ez; greziarraren teoria ez du arkeologiak frogatu ahal izan. Gainera, erromatar zibilizazioaren oinarri italiarra zalantzan jartzeak ez dio bultzada handirik eman aukera horri.
Egungo Toscanako hiri zaharra da Murlo. Garai hartan Etruriako konfederazioaren barruan zegoen. Ferrarako Unibertsitateko biologo Guido Barbujanik hiri horretako biztanleen informazio genetikoa aztertu du. Ikertutako DNAn Ekialde Hurbilean ohikoak diren lotura genetiko gehiago aurkitu ditu, Italiako gainerako eskualdeetan baino. Hortaz, Murloko biztanleen arbasoak siriarrak eta palestinarrak zirela ondorioztatu du. Barbujaniren azterketa American Journal of Human Genetics aldizkarian argitaratu berri dute.
Italiako bete zientzialari talde batek, aldiz, Toscanako abelburuen DNA aztertzen jardun du. Eskualde horretan Italian ohikoak ez diren lau behi espezie aurkitu dituzte; hauen ahaide genetikoak ere ekialdekoak dira.
Beraz, DNAren azterketak etruriarrak ekialdetik etorri zirela esan digu. Duela 2.500 urte logika soilak horixe bera esan zion Herodotori: albokoekin alderatuta zibilizazio garatuegia zen etruriarrena, eta haien erlijioak eta ohiturek ekialdeko ezaugarriak zituzten.
(Denboraren makina, ARGIA, 2007-VI-3)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: