GERRA KIMIKOA 256. URTEAN

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2009-05-22 18:09

Nagore Irazustabarrena, ARGIA, 2009-04-05 -- 2179.zenb.


argazkia

Dura-Europos (Siria), K. o. 256. Sasanidar pertsiarrek erromatarren esku zegoen hiria setiatu zuten. Ordura arte Erromatar Inperioa nagusi izan zen Mediterraneoan, baina handik aurrera Sasanidar Inperio jaioberriak konpetentzia gogorra egin zion Ekialde Hurbilean. Hala, III. mendetik VII.era Antzinaro berantiarreko bi potentzia nagusien arteko gatazkek ez zuten ia etenik izan. Lehia 230. urtean abiatu zen, Ardashir I.a erregeak barne gatazkak gainditu eta kanpora begiratzea erabaki zuenean. Arda-shirren oinordeko Sapor I.a izan zen Dura-Europos hiriaren defentsa gogorra haustea lortu zuena. Hiria erabat suntsitu zuten eta hamazazpi mende igaro arte ez zen berriro haren berri izan.

XX. mendeko 30eko hamarkadan, Dura-Europosen indusketa arkeologikoak burutzen ari zirela, tunel batean hogei erromatar soldaduren gorpuak topatu zituzten, bata bestearen gainean pilatuta. Garai hartako arkeologoek sasanidarren erasoen ondorio zirela pentsatu zuten eta, beraz, 256. urtean gertatu zela ondorioztatu zuten. Horretan asmatu zuten, baina ez zieten azalpenik aurkitu heriotzei eta gorpuen pilaketari.

Berriki, Leicesterreko (Britainia Handia) Unibertsitateko Simon James arkeologoak azalpen harrigarria aurkitu du. Dirudienez, erromatar soldaduak tunel bat egiten ari ziren pertsiarrak ezustean eraso ahal izateko. Baina sasanidarrek erromatarren asmoen berri izan eta haiek ere tunel bat egitea erabaki zuten, norabide berean baina, noski, kontrako noranzkoan. Hala, haiek izango ziren arerioak ezustean harrapatuko zituztenak.

Bi tunelek bat egin zutenerako, pertsiarrek etsaientzako tranpa prestatua zuten: betuna eta sufre kristalak ipini zituzten sutontzietan eta, erromatarren tunelaren ahora iristean, su eman zieten. Modu horretan lortutako gas itogarriek minutu gutxian hil zituzten erromatar soldaduak, arkeologo britainiarraren iritziz. Ondoren, pertsiarrek erromatarren gorpuak eta ezkutuak pilatu zituzten, tuneleko pasabidea ixteko.

Sasanidarrek gerra kimikoa asmatu zutela esan genezake? Simon Jamesek ezetz dio. Setio tuneletan gas toxikoak erabiltzea hainbat testu klasikotan aipatzen dela dio eta, horrenbestez, pertsiarrek teknika ikasi eta aplikatu baino ez zutela egin.



Utzi iruzkina: