GANBARA
Anjel Lertxundi
BERRIA, 2013-04-10
Egunkaria daukat eskuetan. Diruzainak hainbeste lapurtu badu, diruzainaren gainetik zeudenek zenbat lapurtuko ote zuten nenbilela, errepika antzinako bat etorri zait hizkuntza are antzinagoko batean: Quid domini faciant, audente cum talia fures? (Zer ez ote dute egingo nagusiek, lapurrak hain ausartak izanda?).
Virgilioren galderak egunerokotasun guztizkoa badu ere (gaurko mundua ere argitzen dutelako omen dira klasikoak klasiko), gogoak beste norabait narama: behartu nindutelako dakit buruz Virgilioren bertsoa; halaxe ikasi nituen, behartuta (sarri, zigortuta) latinezko hainbat testu, gaztelaniazko asko, euskarazko batzuk… Aspaldi ahaztuak ditut zigor zahar haiek, baina ez garai hartan buruz ikasitako bertsoak, poemak, esaldiak…
Horrek guztiak, ordea, mundu joan galdu batean gertatua dirudi. Klasikoek ere halaxe dirudite, mundu joan galdu batekoak. Modernitate ostean ez dugu akaso klasikoen beharrik, ez iraganarenik…
Iruzkinak
Utzi iruzkina: