EZKONGABEEN, PIXAREN ETA ASKATASUNAREN GAINEKO ZERGAK
Erroma, K. a. 357. Manlio Capitolino kontsulak Vicesima Libertatis zerga ezarri zuen; esklabo bat askatzean esklabo horren balioaren hogeiren bat ordaindu behar zen. Tito Livioren (K.a. 59-17) hitzetan: “Kontsul horrek ez zuen ezer aipagarririk egin, aurrekaririk gabeko berrikuntza bat izan ezik: esklabotzatik askatzearen gaineko ehuneko bosteko zerga proposatu zuen. Senatariek, legeak funts eskaseko altxorrari sarrera oparoak ekarriko zizkionez, onartu egin zuten”. Bide batez, diru sarrera gehigarriak patrikaratzeaz gain, Manlioren asmoa askatutako esklaboen (libertoen) kopurua mugatzea zen, Erroman zerbitzuen eta lurren eskaerak gora egin ez zezan.
Tito Livioren esanetan erabakiak ez zuen aurrekaririk, bai ordea ondorengo mordoa. Batzuk bitxi askoak, gainera. Vectigal urinae edo pixaren gaineko zerga Vespasianok kobratu zuen lehenengoz; kontuan hartu behar da gernua ez zela hondakin hutsa, besteak beste detergente modura erabiltzen zuten salgaia baizik. Aes Uxorium delakoak, aldiz, adin jakin batera ezkongabe iristen ziren gizonezkoak zergapetzen zituen; gaur egun ere ezkontzeak zerga-onurak dakartza.
Portorium merkatariek produktuak saldu ahal izateko ordaintzen zuten zerga zen, hirietan sartzean, portuetara iristean eta mugak zeharkatzean kobratzen zietena.
Vectigal Rotarium ibilgailuen –kasu honetan, gurdien– zirkulazioaren gaineko zerga zen. Galtzaden erabilera zergapetzen zuten, egungo autobideetako ordainsariek bezala, eta bildutakoa galtzada horien mantentze lanetara bideratzen zuten.
Oinordetzaren gaineko Vicesima Hereditatum zerga Augusto enperadoreak sortu zuen. Diru kutxa publikoan hildakoak utzitako ondarearen %5 sartu behar zen, hileta gastuak kenduta, hiletengatik bildutakoa legioetako beteranoei erretiroa ordaintzeko erabiltzen baitzen. Gaur egun bezala, salbuetsitako gutxieneko bat zegoen, Augustoren garaian 100.000 sestertziokoa.
Centesima rerum venalium edo Vectigal rerum venalium zerga ere Augustok ezarritakoa da. Lurren, etxebizitzen, animalien... salmenta-prezioaren %1 biltzen zuten, nagusiki gastu militarrei aurre egiteko. Esklaboak salgai bereziak ziren, nonbait, eta prezioaren %4 ordaindu behar zen.
Erroman justizia ez zen unibertsala, ezta doakoa ere. Auziaren edukia eta prozesuaren kostua balioztatzen zuten, eta kopuruaren berrogeirena Quadragesima Litium zergaren bidez jasotzen zuten.
Benjamin Franklinek ederki esan zuen: “Ez dago ezer ziurrik, heriotza eta zergak izan ezik”.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: