Esparta ustelkeriaren kontra
-
Esparta (Grezia) K.a XII.-VII. mendea. Likurgok hainbat erreforma ezarri zituen hirian eta Espartako Konstituzioa ere hari egozten diote. Likurgoz aritzean, zaila da errealitatea eta kondaira bereiztea, Antzinaroko hainbat historialarik jaso baitzuten haren berri (Herodotok, Jenofontek, Plutarkok...). Horregatik ezin da, besteak beste, bizi izan zen garaia zehaztu.
Iturri joriena Plutarkoren Bizitza paraleloak da. Bertan jasotzen da Likurgok ustelkeriaren eta aberaste bidegabearen aurka abiatutako bide sinple baina eraginkorra. Espartar agintariak arazoaren jatorrira jo zuen: dirura. Ordura arteko urrezko eta zilarrezko txanponak erretiratu eta burdinazko txanpon astunak eginarazi zituen. Txanpon berriei balio oso txikia emanez, hiper-inflazio modukoa eragin zuen eta “espartarrek txanpon zorroak zaldiz tiratutako gurdiez ordezkatu behar izan zituzten”.
“Soilik aldaketa horrekin Lazedemonia askotariko krimenetatik askatu zuen; nork lapurtuko zuen, nork joko zuen eroskeriara edo nork erabiliko zituen amarruak, emaitza ezin bazen ezkutatu, ez bazuen kodizia pizten eta etekinik ez bazekarren? […] Besteek baino gehiago zutenei ez zien ezertarako balio eta ez zuten oparotasuna harrokeriaz erakusteko biderik”.
Baina luxua eta gehiegikeriekiko irrika diruaz harago ere itzali nahi izan zuen eta horretarako hiritarren elikadura arautu zuen. “Denek elkarrekin eta berdin jaten zuten, inor itsu-itsuan gizendu ez zedin, gorputzak alferrik gal ez zitezen, nork beti gaixoen moduan joka ez zezan”.
Espartar guztiak egunean hirutan jangela komunitario batean biltzen ziren eta han ilotek sisitia edo jakiak ematen zizkieten. Hau da, berdintasunaren paradisu berri hartan janaria esklaboek zerbitzatzen zuten. Inor ez baita perfektua, ezta Likurgo bera ere.
Eta, hala ere, horretan saiatu zen bizitzaren amaiera arte, beti ere kondairaren mugan dagoen kontakizunaren arabera. Bidaia bat egin baino lehen, espartarrei zin eginarazi zien ezarritako legeak errespetatuko zituztela bidaiatik itzultzen zen arte. Juramentua lortu zuenean abiatu zen, baina ez zen sekula itzuli. Bere buruaz beste egin omen zuen espartarrek legeak betiko bete zitzaten.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: