ERROMATARRAK URDAIAZPIKO IBERIKOAREN KONKISTAN
Iberiar Penintsula, K.a. III. mendearen amaiera. Bigarren Gerra Puniko betean, kartagoarren hornitze lerroak eten nahian, erromatarrak penintsulara iritsi ziren. Hamabi urtean lurraldeko kartagoar guztiak egotzi zituzten, baina konkistarekin jarraitzea erabaki zuten. Bi mende beharko zituzten penintsulako herri guztiak mendean hartzeko. Baina ahaleginak merezi zuen, lurralde hark erromatarrentzat oso preziatuak ziren ondasunak ematen baitzituen: garuma, olioa, soldaduak, eskulangileak... eta urdaiazpikoa.
Ordurako erromatarrek urdaiazpikoa, prosciuttoa, kontsumitzen zuten. Katon zentsoreak (K.a. 234-146) idatzi zuen zerri urdaiazpikoak kontserbatzeari buruzko lehen dokumentua: egun batzuetan gazitzen uzten zen, ondoren oliba oliotan busti eta lehortzeko zintzilikatzen zuten. Hari esker dakigu gaur egun oraindik ezaguna den Parmako prosciuttoak orduan ere ospe handia zuela, eta ejertzitoak elikatzeko nahiz Erromako oturuntzetarako erabiltzen zela. Trebbiako guduan Anibalek erromatarrak mendean hartu zituenean (K.a. 217), kartagoarra Parman sartu zen eta harrapakin gisa upeletan gordetako urdaiazpikoak eraman zituen. Hurrengo mendean, Varronek (K.a. 116-27) eta Estrabonek (K.a. 63-K.o. 24) ere Parmako urdaiazpiko bikaina izan zuten hizpide.
Erromatarrak iritsi baino lehen, Iberiar penintsulako hainbat herri trebeak ziren txerrikiak lantzen; Tarracon, antzinako Tarragonan, 2.000 urte baino gehiago zituen urdaiazpiko fosila aurkitu zuten. Eta erromatarrek urdaiazpiko iberikoa dastatu zutenean, Parmakoa baino hobea, dasta biziagokoa zela konturatu ziren. Ordura arte, etxeko produktuez gain, Galiako urdaiazpikoa ere oso gustuko zuten konkistatzaileek. Baina inportazioetan Pirinioez hegoaldekoa gailendu zen berehala. Estrabonek berak, Geographica lanean, kantabriarren eta Pirinio inguruko biztanleen urdaiazpiko gozoak aipatu zituen, baita iberiar txerrikien kalitatearen sekretu nagusietakoa jaso ere: txerri haiek ezkurrez elikatzen ziren.
Elikadura bereziaz gain, urdaiazpiko hark denbora gehiago behar zuen ontzeko erromatar prosciuttoak baino. Gero, produktua Hispaniatik metropoliraino eraman behar zen, eta horrek are gehiago garestitzen zuen jakia. Erromatar Inperioan urdaiazpiko iberikoa luxuzko produktu bihurtu zen. Dioklezianoren Gehienezko Prezioen Ediktuaren arabera (K.o. 301. urtea), Hispaniako urdaiazpiko libra bat (326 gramo) higei denariotan saltzen zen, hau da, nekazari baten egun osoko soldatak adina balio zuen.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: