EROTIKA ETA SEXOLOGIA ERROMA KLASIKOAN

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2013-04-03 21:07

BERRIA, 2013-04-02

Erotika eta sexologia Erroma Klasikoan

Sexualitateaz aritzea eta erotikan jardutea ekintza oso normalak ziren Erroma Klasikoan. Jarduera horien isla zabala topa daiteke orduko artean; bai eskulturan, baita margolanetan ere. Zuzenbidean ere eragina izan zuen.

Agurtzane Ormatza Imatz

Oro har, artearen diziplina guztietan aurki daiteke sexologiaren eta erotikaren aipamena. / - / EZEZAGUNA

Ikastetxetik ikastetxera nabilenean, askotan sexualitateari buruzko galderak egiteari eta erantzuteari espazioa eta denbora ematea ezinbestekoa izaten da. Tarteka, baina, historiari begirada bat ematea eta guretzat egun bitxikeriak direnak aurkitzea eta haiei buruz hausnartzea plazera eta aberasgarria izaten da.

Adibidez, gaur Erroma Klasikoan sexualitateari eta erotikari buruz zuten ikuspegiaz eta esperientziaz ariko gara. Erroma hori Kristo osteko lehenengo mende bietan kokatzen da, eta Mediterraneoko herri guztiak kontuan hartzen ditu.

1. Erroma Klasikoan, sexualitateaz gozatzea eta erotismoan jardutea ez zen batere lotsagarria. Gorputzak ematen zuen plazera gozagarria zen, gozatzeko eta olgetako modu bat. Ez zegoen ezer errudun sentitzeko modukoa. Horren isla da zuzenbidean zein artean plazerari buruz agertzen zen ikuspuntu zabala.

2. Erromako klase dirudunak oso estimatuak zituen margolan erotikoak; Kamasutra liburuan agertzen diren modukoak ere agertzen ziren haienean. Askotan, ikasteko eta gozatzeko edukitzat hartzen zuten baita ere.

3. Erromako legeak ez zuen kontuan hartzen gehiengo biztanleria ezertarako, ez zen ezer ere. Beraz, eliteak zeuzkan pribilejio guztiak, baina baita debeku guztiak ere. Erotika jokoan egiten ziren praktika batzuk debekatuta zeuden: zakila sartzea ipurtzulotik, cunnilingus-a, fellatio-a, eta taldean egiten ziren jarduera erotikoak ere bai. Baina, aldi berean, horien espresio artistikoa oso plurala eta baloratua zen. Eta gehienek bazekiten ere gizon asko isilpean joko horietan aritzen zirela eta modu horretan gozatzen zutela. Sistemaren kontraesanak!

4. Ontzietan gizon nagusi bat eta mutil gazte bat gozatzen irudikatzea oso ohikoa zen. Gozamena eta edertasuna plazera zen irudikatzeko, begi bistan izateko eta goraipatzeko.

5. Gizonek zein andreek prostituzioa praktikatzen zuten, biak ere gizonezkoei zuzenduta. Gizonek, baina, gehiago kobratzen zuten andreek baino; gainera, euren lanbidea legezkoa zen, zergak eta guzti ordaintzen zituzten.

6. Sasoi hartako erromatarrek uste zuten zakil formako zinginarriak baliagarri zirela emankortasuna eta oparotasuna erakartzeko eta espiritu txarrak uxatzeko. Beraz, ohitura handia zegoen brontzezko edo bestelako materialetako zakilak erekzioan jartzea edozein lekutan eskegita.

7. Zakilaren tamainak bere garrantzia zuen: polita izateko, txikia izan behar zuen. Handiak margotzen edo egiten zituztenean barrea sortzeko izaten zen.

Historiari begiradatxo bat emanez gero, besteak beste, konturatzen gara, alde batetik, gozamenaren ikuspuntua zein desberdina izan zen; eta, bestetik, gizonezkoen lekua eta desioak eta sistemari eginiko tranpak zelako antzekoak diren!


Utzi iruzkina: