ELEKTRIZITATEA SENDAGAI ANTZINAROAN
Grezia, K.a. VI. mendea. Miletoko Talesek ikusi zuen substantzia erretxinatsu horixka batek, zapi batez edo animalia larruz igurtzita, objektu arinak erakartzeko propietate bitxia lortzen zuela. Substantzia hura anbara zen, grekoz elektron. Antzinako greziarrek ez zeukaten fenomenoaren azalpenik, baina horrek ez du esan nahi hari probetxurik ateratzeko gai ez zirenik; badirudi zenbait tokitan anbara erabiltzen zutela arropan itsatsita geratzen ziren hosto eta belar lehorrak kentzeko.
Zenbait arrain espeziek harrapakinak durduzatzeko eta, hala, erraz ehizatzeko eragiten dituzten deskarga elektrikoak azaltzen ere ez zekiten, baina etekina atera zieten berdin; nagusiki, buruko mina arintzeko erabili zuten zenbait arrainen ezaugarri ebolutibo bikain hura. Egiptoarrek Niloko arrain katua edo silurua erabiltzen zuten migrainen tratamendurako. Greziarrek eta erromatarrek, aldiz, arraiaren eta ikaraioaren deskargak baliatu zituzten, eta askotan haztegietan gordetzen zituzten, erremedioa eskura izateko. Plinio Zaharrak (K.o. 23-79) idatzi zuenez, “arrain elektrikoak sendagarri gisa erabiltzen dira, buruko mina eta hezueria arintzeko”.
Scribonius Largus sendagileak Klaudio enperadorearen gortean egin zuen lan K.o. I. mendean. Historiako farmakopea zaharrenetarikoan, De Compositione Medicamentorum izeneko lanean, 271 sendabide bildu zituen. Horietako bat, honakoa: “Buruko min iraunkor eta jasanezina berehala kentzeko eta sendatzeko bizirik dagoen ikaraio beltz bat jartzen da mina dagoen tokian, oinazea arindu eta gune minberatua txindurrituta geratzen den arte”. Klaudioaren medikuak ere oinetako hezueria sendatzeko balio zuela zioen: oinutsik sakonera gutxiko uretan sartu eta ikaraioek lan egin zezaten utzi behar zuen eriak. Beste idatzi batzuetan artritisa eta epilepsia sendatzeko gomendatzen ziren arrainen deskarga elektrikoak.
Berriki Cefaly izeneko gailu elektroterapeutikoa merkaturatu dute. Kopetan ipintzen den gailuak bulkada elektrikoak erabiltzen ditu nerbio trigeminoan estimuluak eragiteko eta, hala, buruko mina arintzeko. Ofizialki ontzat emandako migrainaren kontrako lehen gailu elektrikoa da, baina ezin esan sendabide berritzailea denik.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: