EKONOMIA ATZERAKO ISPILUTIK

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2014-08-22 15:30

BERRIA egunkarian ekonomiari eskainiriko UDAKO SERIEA (2014):

Ekonomia atzerako ispilutik

 

Atal bakoitzean, gairik gai, garai ezberdinetan jartzen da fokua. Hemen antzinateari dagozkionak jasota daude. Osorik irakurtzeko sakatu atalaren izenburuan.

 

I.- Historiako finantza krisi nagusiak (Jon Fernandez, 2014-VII-20)

Historiako liburuetara joz gero, bistan geratzen da egungo arazo ekonomiko gehienak gizakia bera bezain zaharrak direla. Diru kontuetan ere, harri berean behin eta berriz behaztopatzen da gizakia.

K.o. 33.

Tiberioren pizgarriak

Zaharrak berri ekonomian ere. Krisiak eta burbuilak ez dituzte garai berriek asmatu. Jesus Nazaretekoa gurutzean iltzatu zuten urtean, Erromako banku sistemak porrot egin zuen, eta historiako lehen krisi ekonomiko globaltzat jotzen dena eragin. Orain dela ia bi mila urteko kontuak dira, baina orduko krisi hura eta gaurkoa oso antzekoak dira. Tiberio zen Erromako enperadorea K.o.-ko 33. urtean. Zesar Augustoren ondorengoa zen Tiberio, eta urteetan bete barik zegoen Julio Zesarren garaiko lege bat berreskuratu eta betetzeko eskatu zien bankuei: kontuak garbitzeko alegia. Kobratzen zituzten interes tipoak mugatzen zituen legeak, eta irabaziak Italiar penintsulan inbertitzera behartzen zituen bankuak. Legea ezarriaz bat, izua hedatu zen. Bezeroei dirua itzultzeko eskean hasi ziren bankuak, eta kredituaren iturria itxi zuten. Ondorioa? Prezioak maldan behera jaitsi ziren (deflazioa), eta etxebizitzen burbuila lehertu zen higiezinen merkatua hondoratzearekin batera. Julio Zesarren legea bete ez zen urteetan, Augustoren pax romana -ren oparoaldi garaian, kredituak erraz eman zituzten bankuek karrera politikoa egiteko etxebizitzak erosi eta bestelako zor handietan sartu ziren erromatarrei. Orain esango luketen bezala, euren ahalmenen gainetik bizi izan ziren krisia lehertu zen arte. Inperio osoko finantzen kolapsoa ikusirik, EBZren estiloko aterabidea baztertu eta AEBetako Erreserba Federalarena hobetsi zuen Tiberiok. Ehun milioi sestertzio sartu zituen bankuen kutxetan, haiek kredituaren iturria berriro zabaltzeko. Hiru urtez zorpetzeko aukera eman zien erromatarrei, eta interesik ordaindu behar barik. Hori bai, kreditua eskuratzeko zordunak kredituaren balioaren bikoitza zeukan lursail bat jarri behar zuen berme gisa.

 

II.- Zorra egoskora da (Jon Fernandez, 2014-VII-21)

Egungo krisia 'zorraren krisia' ere bada, enpresek eta herritarrek 2008 aurretik hartutako zor itzelak eta estatuek ondoren hartutakoek larritu dutelako. Zorra, baina, historia bezain zaharra da.

K.a. 594

Solonen konponbide salomonikoa

Zorra, handiegia denean, ezin izaten da dena ordaindu. Eurogunea krisian sartu zenetik, sarri entzun izan da zorraren kitaren aukera; bereziki, Grezian, eta halaxe gertatu zen 2012an. Herrialdearen kiebra saihesteko, hartzekodunek 100.000 milioi euroko zorra barkatu behar izan zioten Atenasko gobernuari. Kostu politiko eta sozial ikaragarria izan zuen. Baina ez da berria esatea zor handiegiak ordaindu barik lagatzen direla. Grezian bertan, ondo dakite hori: duela 2.600 urte inguru, Solon poeta eta agintari erreformistak zorretan itotako Atenas onbideratu zuen zorraren berregituraketa eta legedi aldaketa sakon baten bidez. Giroa asaldatuta zegoen gizartean, gerra zibilerako atarian: aristokrazia txiki baten eskuetan pilatu zen aberastasun gehiena, eta jabe txikiak ondasun barik geratzen ari ziren zorrengatik. Eta okerrena: hartzekodunek, legez, esklabo bihurtzen zituzten zordunak. Egoera irauli zuten Solonen erreformek, eta gerra ekidin: zordunak esklabo egitea debekatu zuen gatibu asko askatuz, zor gehienak txikitzera edo barkatzera behartu zituen hartzekodunak, interes tasak mugatu zituen, baina lurrak ez zituen banatu jabe txikien artean. Hartzekodun eta zordun asko haserretu ziren haren erabakiengatik, baina egoera birbideratzea lortu zuten, eta haren erreformak oparoaldi ekonomikoaren oinarri bihurtu ziren.


K.a. 49

Ordainean ematen lehena

Zuzenbide erromatarra ikasi dutenek jakingo dute etxea ordainetan ematearena orain bi mila urte inguru asmatutako kontua dela. Julio Zesarrek asmatua, hain zuzen. Erromako Errepublikako azken urteetan ekonomia aparra bezala hazi zen, interes tipoak erdira jaitsi zirelako eta kredituaren iturria zabal-zabalik zegoelako zorpetu nahi zutenentzat. Baina gerrek eta aldaketa sozialek, egoera hautsi, eta jabetza txikiak zituztenak zordun bihurtu zituzten. Boterera iritsi berritan, Zesar bi suren artean harrapatuta geratu zen: jarraitzaileek zor guztien kita eskatzen zioten, baina hartzekodunak ez zeuden onartzeko prest. Zesarrek berak sekulako zorra egin zuen bere karrera militar arrakastatsua babesteko, baina aldi berean Zizeronek dirutza zor zion. Zer egin? Erdibidea aukeratu zuen: zordunei lagundu zien, baina hartzekodunak esku-hutsik laga barik, edo, beste era batera esanda, bi aldeen artean banatu zituen kalteak. Zorra kitatzeko, etxea edo bestelako ondasun higiezinak ematea erabaki zuen K.a. 49. urtean, haren jarraitzaile askoren atsekabegarri. Lege horren bidez, novae tabulae zeritzona saihestu zuen Zesarrek, gerren ostean zor guztiak barkatzeko zegoen ohitura, hartzekodunek izua zioten ohitura.

 

III.- Zutik lurrean kondenatu (Jon Fernandez-Ivan Santamaria, 2014-VIII-22)

Bekokiko izerdiz ogia jatera derrigortu zuen jainkoak gizakia, Bibliaren arabera. Baina lan egitea madarikazioa izanik ere, langileek antzinatik izan dute euren egoera hobetzeko grina, protestaren bidea hartuta.

K.a. 1166

Lehen grebaren papiroa

Ramses III.a faraoiaren garaikoa da historiako lehen greba dokumentatua. Egipton izan zen, K.a. 1166. urtean. Ramses III.aren hilobi tenplua eraikitzen ari ziren beharginek, lan baldintza geroz eta txarragoak salatzeko, planto egin eta greba egin zuten. Kontrako ustea dagoen arren, Egiptoko piramideak eta eraikuntza handiak ez zituzten zartailuaren mehatxupeko esklaboek eraiki. Gizako nekropoliak aztertzen zebiltzan arkeologoek egin zuten aurkikuntza hori 2010ean. Soldatapeko beharginek eraiki zituzten tenpluok, eta, soldata jasotzeari uzten bazioten, protesta egiten zuten, gaur bezala. Turingo Museoan ikus daitekeen Grebaren Papiroak jaso zuen gertatutakoaren lekukotasuna. Honela dio papiroak: «Beharginek nekropoliaren hesiak saltatu zituzten, greba egin zuten, eta hau esan: 'Gose gaude, hilabete honetako hamazortzi egun pasatu dira... goseak eta egarriak ekarri gaituzte hona. Ez daukagu arroparik, ez gantzik, ez arrainik, ez lekarik. Idatz iezaiozue gure jaun on faraoiari eta gure buruzagi bisirrari eman diezagutela gure mantenua'». Hamar ogi biribil eta garagardo pixka bat ziren eguneroko soldata, baina sarri atzeratzen ziren ordainketak, inoiz goseteak ere eraginez. Ez da alferrik esaten sabel hutsarekin egiten direla iraultzarik handienak.


K.a. 494

Plebeioen greba orokorrak

Antzinako Erroman monarkia desegin eta errepublika sortu zutenean bi bloketan banatu zen gizartea —esklaboak alde batera lagata—. Batetik, patrizioak zeuden, Erromako aristokraziako familiak, kargu publikoetarako eta senatari izateko eskubidea zuten bakarrak, eta diru gehiena pilatzen zutenak. Bestetik, plebeioak zeuden: gehiengoa ziren, baina ez zeukaten boterean eragiteko modurik, eskubide zibil oso gutxi zituzten. Gainera, zorpetuta zeuden asko, eta, horregatik, patrizioen esklabo bihurtzeko arriskuan. Egoera errotik aldatzeko tresna ezin hobea topatu zuten: euren egitekoak egiteari utzi zioten, eta hiritik inguruetarako mendietara alde egin zuten. Muturreko greba orokor bat zen. K.a 494. urtetik 287ra bitartean behin baino gehiagotan erabili zuten teknika hori, eta lortu zuten patrizioek kasu egitea. Botererako eta egoera ekonomikoa hobetzeko balio izan zieten plebeioei. Lehen secessio plebis -ean (plebeioen matxinada) patrizioek Menenius Agripa senataria bidali zuten grebalariak bilduta zeuden muino sakratura, eta berba hauekin eta hainbat kontseziorekin konbentzitu zituen greba uztera: «Antzina batean, eskuek sabelaren kontra egin zuten. 'Zergatik egin behar dugu guk lan alfer honek onura guztiak gozatzeko?' Eskuek greba egin zuten, eta sabela elikatzeari utzi zioten. Ondorioz, gorputz guztiak pasatu zuen gosea, eskuek barne». Baina, agian, plebeioen grebarik garrantzitsuena K.a. 287koa izan zen. Erromako Aventino muinora igo ziren plebeio grebalariak, eta, azkenean, patrizioek onartu behar izan zuten plebeioek ere erabakitzeko eskubidea bazutela. Orduan sortu ziren plebis scitum -ak, plebeioen dekretuak, lege maila lortu zutenak. Hor du jatorria egungo 'plebiszitu' berbak.

 

IV.- Txin-txin, txin-txin, diruaren hotsa (Ivan Santamaria-Jon Fernandez, 2014-VIII-23)

Sistema ekonomiko osoari zentzua ematen dion giltzarria da. Gorrotatua eta maitatua, itxura batekin edo beste batekin gizateriaren aurrerapen guztiarekin lotuta ageri da dirua, onerako eta txarrerako.

K.a. 400

Diruaren arkeologia

Produktuen trukea ordezkatzeko lehen urrezko eta zilarrezko txanponak Lidian egin ziren, duela 2.600 urte inguru, gaur egungo Turkia mendebaldean. Garai hartan, ordea, Greziako kulturaren parte zen Lidia. Hiri estatu bakoitzak bere dirua sortu eta erabili zuen, harik eta Mazedoniako Filipo erregeak, Alexandro Handiaren aitak, Grezia batu eta dibisa bakarra ezarri zuen arte. Aitaren ohiturari jarraituz, diruaren alde batean agintariaren aurpegia zizelkatzeko ohitura zabaldu zuen Alexandrok. Paperezko dirua, berriz, dezente geroago asmatu zuten txinatarrek, IX. mende inguruan. Egungo kontzeptu ugari ulertzeko eremu oparoa da diruaren historia. Etimologiari kasu eginez erraz topa daiteke diru hitzaren atzean denarius dagoela, erromatarren garaiko zilarrezko txanpona. Soldata berbaren jatorrian ere erromako beste txanpon bat dago, latinez solidus zeritzona. Gutxi gorabehera 25 denarioren balioa zuen solidus batek. Bestalde, ingelesezko salary, frantsesezko salaire eta gaztelerazko salario berbak latinezko salarium-etik datoz. Egiptoko inperioaren garaian gatzetan ordaintzen zieten soldata langileei, gatza haragia eta arraina kontserbatzeko produktu preziatua zelako. Erromatar inperioan ere ohitura bera izan zuten soldaduei ordaintzean, eta horregatik deitu zioten salarium lanaren hileroko ordainari.

 

V.- Jatorri historikoen peskisan (Jon Fernandez-Ivan Santamaria, 2014-VIII-24)

Gaur egungo kontzeptu asko ulertzeko iturri ezin hobea da ekonomiaren historia. Bitxikeriaz betetako eremu horretan aurki daitezke burtsaren sorrera xumea edo antzinako zergen trikimailuak, besteak beste.

K. a. V. mendea

Zer egin du Erromak gure alde?

Zer ekarri digute erromatarrek?, Monty Pythonen 1979ko Life of Brian (Brianen bizitza) filmeko Judeako Herri Frontearen bilera klandestinoko galderari egindako erantzunen zerrenda luzean erretiroa gehi daiteke. Gaur egungo erretiroarekin zerikusi txikia badu ere, historiako lehen erretiro sistematzat jo daiteke Erromako Errepublikaren eta Inperioaren garaiko soldaduena. Herritar boluntarioek zeukaten armadan sartzeko aukera —gerra garaian derrigorrezkoa zen—, eta, 25 urteren ostean, erretiroa hartzeko eskubidea lortzen zuten trukean: pentsio gisa, lursail txiki bat eta diru kopuru jakin bat jasotzen zuten hil artean.

 

 


Utzi iruzkina: