EDERTASUNA. ZERGATIK ZAITUT GUSTUKO?

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2012-08-02 18:11

Mikel Garcia Mikel Garcia, ARGIA, 2009-IX-06

Ipurdi tentea gehi gerri estua gehi ezpain haragitsuak berdin edertasuna? Hori astakeria! Ekuazio bat ez garela erantzungo didazu… baina kanonek, teoria biologikoek eta historiako zenbait garaik kontrakoa diote. Erakargarri suertatzea ezaugarri biologikoa da, ala pertzepzioak, kulturak eta gizarteek ezarritako ilusioa?

 
Edertasuna
Zergatik zaitut gustuko?

Gure animalia senak gidatuta ezaugarri zehatzak dituen edertasuna bilatzen dugula defendatzen dute teoria ebolutiboek. Ernaltzeko edo kumeak zaintzeko dituzten ezaugarri fisikoen arabera aukeratzen dute bikotea animaliek; zergatik guk ez? Gaztea (adin ugalkorrean) eta espezieari jarraipena emateko indartsua: horra biologikoki bilatuko genituzkeen bereizgarriak. Kanpoko itxurari ematen diogun arretaren atzean ugalketa legoke, eme eta arren jarrera sexuala biologikoki erabakita baitago, Richard Dawkins biologoaren Gene Egoistaren Teoriak dioenez. Ugalketaren xedea zein da? Geneak zabaltzea eta espezieak bizirautea, eta hori lortzeko akatsik gabeko geneak bilatzen ditugu. Itxurak adierazten du geneen kalitatea eta horregatik da garrantzitsua gure aukeraketan. Inkontzienteki egiten dugun arren –jada hasierako funtzioa galdu dutelako–, hainbat ezaugarri hartzen dugu kontuan: adibidez, harea-erloju forma emakumeengan eta aurpegi simetrikoak, asimetriak arazo genetikoak ezkutatzen baititu.

“Gizateriaren historiak baieztatu du pertsona batzuen erakargarritasuna beste batzuena baino handiagoa dela. Ikaragarria da lehia ebolutiboa egotea, eme eta ar asko dagoelako, eta egongo da eme bat hogeik nahi dutena eta beste bat inork nahi ez duena… Baina hala izan da beti”, uste du Xavier Rubert de Ventós filosofo kataluniarrak. Edertasuna pertsonok berezkoa dugun sena dela adierazteko, aipatu ohi da hainbat ikerlarik 1990ean egin zuten esperimentua: hiru hilabeteko umeek –gizarteak, kulturak eta estereotipoek kutsatu gabeak–, helduok edertzat ditugun aurpegiak nahiago zituzten itsusitzat ditugunak baino.

Perfekzioaren bila esperimentatzen

Premisa horietatik abiatuta, saiakera bat baino gehiago egin da liraintasun gorena irudikatu nahian. 2001ean, esaterako, hainbat zirujauk hiru aurpegi apain uztartu zituzten ordenagailuan (Mendebaldekoa, afro-latinoa eta Ekialdekoa) eta Nature aldizkarian argitaratu zuten, baina ondorioa ez zen preseski ederra izan. Azken finean, Perception aldizkarian argitaraturiko beste ikerketa batek agerian utzi duen bezala, edertasun irizpideak sozialki antolatuta daude: familiarrak edo lagunak direnek antzeko balorazioa egiten dute ederra zer edo zein den zehazteko garaian. Konklusioa? Animaliatasunak edo senak zerikusirik izango duela agian, bai, baina dudarik gabe, inguruak kutsatuta gaude dagoeneko.

Arteak, literaturak, modak, zinemak, publizitateak… nabarmen eragin dute herritarron pertzepzioan, belaunaldiz belaunaldi. Zer esanik ez gaur egun, irudiaren –eta irudi bonbardaketaren– gizartean. “Edertasuna ilusio bat da, zentzumenetan zirrara moduko bat sortzen duen ilusioa, eta ilusio hori irudiek eragiten dute. Hartara, edertasunaren ilusioa da gure kulturak historian zehar irudiari eman dion adiera desberdinen irudikapena”, diosku Jorge Lozano semiologoak.
Gaurko munduan, etengabe jasotzen ditugu ederra zer den eta zer ez finkatzen diguten mezuak, ala kultura zehatz baten baitan jaio izan ez bagina esango genuke depilatuta egotea ederragoa dela? Bakeroak txandala baino eleganteagoak direla? Beltzaran egoteak edertzen gaituela? Egia da hedabideek ez dutela eredu bakarra saltzen, komertziala izateko errentagarriagoa baita edertasun politeista –bizilagun pertxenta, neska anorexikoa, forma biribileko emakumea, matxoa, errebelde gihartsua, intelektual argala… ikus ditzake telebista pizten duenak–. Baina azken finean arketipoak dira, Hollywoodek –eta atzetik gainontzekoek– betidanik sustatu dituen estereotipoak, garaian garaiko modara egokituak.

Historia errepikakorra?

XIX. mende erdialdean, Bilintx poeta erromantikoak hala errezitatu zion “Gipuzkoan igualik gabeko dama” Kontzeziri:

Ointxo politak, gerriya mia,
graziya milla petxuan,
lepo biribil dirudiyena
egin berriya tornuan;
pare gabeko begi argiyak,
ille ederra buruan,
zu baño aingeru politagorik
ez da izango zeruan.

Eta nolakoak izan dira igualik gabeko emakumea eta gizona Mendebaldeko historian? Merezi du estetikaren joan-etorriari gainbegiratu azkarra egitea. Ezagunak dira Historiaurreko Venus mamitsuak, ugalkortasunari lotutako ezaugarriak (bularrak eta aldakak) azpimarratzen dituztenak –beste kontu bat da guk ondorioztatu izana edertasuna irudikatzen zutela horietan; eta are gehiago, edertasunaren nozioa zutela–. Egipton, itxura jainkotiarra bilatzen zuten: gorputz garaiak, begi handiak, ezpain haragitsuak, hanka argalak, bular sendoak (emakumeek) eta bizkar zabalak (gizonek). Gaur egungo eredutik ez litzateke asko aldenduko, ezta? Gogoratu Nefertitiren busto ederra.

Mundu klasikoan, edertasuna eta gorputza gurtzeko desioa herritar ororengana zabaldu zen eta gaur arte gehien hedatu den kanona ezarri zuten: armonia zen arau nagusia. Grezian, aurpegi eta gorputz proportzionatuak zituzten maite, gihartsuak, ez koiperik ez bular handirik. Berdin Erroman, nahiz eta Inperioaren garaipenek eragin berriak ekarri zituzten: esaterako, herri germaniarren konkistak ilehori izan nahia zaletu zuen emakume erromatarren artean.

Erdi Aroan, erlijioaren nagusigoak, gudek eta epidemiek bigarren mailan utzi zuten edertasunaren gaineko ardura –Jainkoaren isla zen edertasuna, onaren eta egiaren sinonimo–, baina aurpegi zurbilak eta obalatuak, luzexkak atsegin omen zituzten. Eta Errenazimenduak ideal klasikoei bide eman zien atzera. XV-XVIII. mendeetan, emakume haragitsuek zuten arrakasta gehien, azalez zuriak, jatekoa zutela eta kanpoan lanik egin behar ez zutela esan nahi baitzuen; aberatsak zirela, alegia. Adi bestela Rubens margolariaren Hiru graziak koadro ospetsuari –ikus behean, hirugarren irudia ezkerretik hasita–. Gizonezkoak harro zeuden halako neskekin ezkonduta egoteaz, mantendu zitzaketela adierazten zuelako. Azken finean, egoera sozial, politiko eta ekonomikoetara lotua egon da beti edertasuna, klaseen –sozialak lehenik, ekonomikoak ondoren– bereizgarri, tartean moda dela –baina arropen eta apaingarrien funtzio klasistaz mintzatzeak luze joko liguke–.

Eta XX. mende aldrebesera iritsi gara horrela: 50eko hamarkadako biribiltasuna (Marylin Monroe), 70eko argaltasuna (Tweegy fenomenoa), 90eko top model bereziki meheak, eredu androginoak, forma ezinezkodun bideojoko eta panpinak (Lara Croft, Barbie), hedabideek eta publizitateak gustu desberdinetarako sustaturiko arketipo anitzak (metrosexuala, esplosiboa, delikatua)…

Hainbat teorikoren arabera, pisuaren eta moda-estiloen aldaketa nabarmenak kontuan hartu gabe, edertasunaren arauak nahiko konstanteak dira historian. Alegia, Venus klasikoak, Nefertiti, hiru graziak eta Angelina Jolie erakargarriak direla gaur eta duela 1.000 urte. Baina aldi berean, gaur ez litzaiguke polita irudituko maien kulturak hain edertzat zuen estrabismoa –amek pitxerra jartzen zieten seme-alabei aurrean, ezaugarri horrekin haz zitezen–, mesopotamiarren antzera bekain bakarra margotzea, edota Egipton bezala buru atzealdea lotzea kono forma har zezan, faraoi batek hala zuelako. Finean, ederra zer den eta zer ez baloratzeko, irizpide ugari hartzen ditu kontuan gizakiak, garai, gizarte, kultura eta eragin zehatzen baitan.

Platon vs. Hume

Platonek lehenik eta Pitagorasek (matematika eta geografia ardatz) ondoren, armonia jarri zuten edertasunaren oinarri, mundu klasikoan. Proportzioaren legea jarraitzen zen eskulturetan, edertasun objektibo baten bila, eta balore zehatz horiek betetzen zituena zen ederra. Mendeak pasa ahala, ordea, eta batez ere Barrokoan, jendea konturatuko da proportzionatuta ez dagoen horretan ere, kaosean, misterioan, exotikoan, badela edertasunik eta subjektibotasuna jaioko da, XVIII. mendera arte ez baita gustuaren kontzeptua sortuko. Ilustrazioarekin, gizakia da zentroa, ez Jainkoa, eta subjektuaren ikuspegiak, pertzepzioak hartzen du garrantzia. Gustuak bi aita filosofo izan zituen mende horretan: David Hume –“Gauzen edertasuna kontenplatzen dituenaren espirituan datza, behatzailearen begian baitago edertasuna”– eta Edmund Burke –“Zentzuen bidez giza espirituan eragiten duen dohaina da edertasuna”–. Alegia, edertasunak jada ez duela soilik objektua definitzen, baita begiratzen duena ere, edertasunaren historia begiraden historia baita.

Kontzeptuak gaur eguneraino eboluzionatuko du, subjektibitatetik indibidualismora, eta bakoitzak bere lekua bilatuko du, piercing, tatuaje eta modaren bitartez. Identitaterik eta kultura propiorik gabeko mundu globalizatuan, inurri bat gehiago garen honetan, nork bere burua bereizi nahi du, tribu urbanoren baten parte izanez identifikazio bila. “Lehen norbaiten seme-alabak ginen, baina orain, mundu urbanita honen anonimatuan, aurkezten zaren modukoa zara, eta bakoitzak duen onena erakusten dio gizarteari, erakargarri azaldu nahi dugu”, dio Xavier Rubert de Ventósek.

Ikuspegi indibidualistatik harago, badirudi ia erabateko adostasuna dagoela zenbait pertsona eta irudiren edertasunaren aurrean, edertasuna balio absolutu eta unibertsala bailitzan. Klasikoen moduan, gure gorputzak moldea dirudi hainbatetan, proportzioen mende dagoela, matematika hutsa dela, eta horregatik jotzen dugu kirurgiara –Espainiako Estatua da, Brasilen atzetik, kirurgia plastikoko ebakuntza gehien egiten dituen herrialdea–. Azken finean, gaur egungo eredua, nola ez, kapitalista da: merkantzia hutsa da edertasuna, salerosten den zerbait, lortu behar dena, eta kosta ahala kosta lortzeko prest gaudena. Aristotelek jada esan zuen, “agintzeko eskubidea ederrena da”, eta XXI. mendean ere arrakasta sozialerako bide da, zalantzarik gabe. Baina orokorrean onartzen ditugun patroiak baldin badaude, nahastuta al zeuden Hume eta Burke? Edertasunaren historia aurreko mendeetan arrakasta izan zutenen ipurdia, sudurra eta bekokia neurtzera mugatzen al da? Ezetz ziurtatu digu Lozano semiologoak, pertzepzioaren araberakoa dela, baina “pertzepzioak eztabaidatu eta negoziatu egiten dira gizartean, gure artean kutsatu egiten gara etengabe, edozein arlotan. Moda da horren adibide, hasieran oso itsusia iruditzen zaigun zerbait bogan jartzen denean gustatu egiten zaigulako. Edertasun objektiborik ez dago, bestela pertsonaz pertsona zenbatu beharko genuke zenbatek duten zerbait gustuko; eta halaber, kontsumo masiboak ere ez du edertasuna bermatzen, ala ederra da Mc Donald’s?”.

Bada esaten duenik aurreko mugimenduari kontra egiten dion ereduen errenkada dela estetikaren historia, artearekin edo modarekin gertatzen den antzera. Barrokoak, esaterako, erabat hautsi zuen klasikoen legeekin, klasikoek polit bezala definitzen zutenarekin, eta hasieran ziurrenik aski kostako zen jendeak asimilatzea; berdin XX. mendeko abangoardiekin. Alegia, edertasuna definitzen jakin gabe bukatuko dugula erreportajea, ekuazio matematikoak barne eta kanpo irizpide gehiegi hartu beharko bailituzke kontuan. Ziur Picassori ederrak iruditu zitzaizkiola Rubensen obrak, baina XVII. mendean, zer esango luke Picassoren lanez Rubensek?

Itsuskeria, ez hain desprestigiatua

Ederra dagoen unetik, itsusia behar du, kontrastea, antagonikoa, Erregeak bere handitasuna nabarmentzeko bufoiak dituen moduan, Erreginak bere liraintasuna azpimarratzeko meninak behar zituen moduan. Eta edertasuna ona, egia bada (klasikoek ziotenez) itsuskeria “zikina, eskandalagarria, kirasduna” da, foedus jatorri latindarraren arabera. Hain zuzen, hizkuntza desberdinetan eder hitzaren jatorria balore positiboekin dago lotuta, eta itsusia berriz, ezkorrekin.

Baina zer da itsusia? Mundu klasikoko arauek ez dute begiko proportziorik ez duena, baina pinpilinpauxak desproportzio handiak ditu, eta erakargarria iruditzen zaigu. Azken finean, faktore askok eragiten dute gure irizpideetan. Zergatik da ederra zisnea eta itsusia putrea? Agian badakigulako putrea sarraskijalea dela, harrapakinen barrunbeak hustuz gozatzen duela, eta zisnea ur gardenetan igerian dabilen hegaztia dela?

Itsuskeriak goraipamenik izan badu, artean izan da. Aristotelek aurreratu zuen, duela mende mordoxka: “Errealitatean ikusten ditugunean sufriarazten gaituzten gauzek plazera eragiten digute ahalik eta fidelenak diren irudietan behatzen ditugunean, direla basapiztia zekenenak, direla gorpu hilak”. Goya, Munch, Picasso, Dali… bezalako artisten lanetan eder eta itsusi terminoek ez dute zentzurik. Mugak ezabatu eta nahastu egiten dira, eta are gehiago, kontzientziak astintzeko gizartearen erraietan arakatzen duen artea nagusi den garaiotan, itsuskeriak edertasunari aurre hartu diola esan daiteke –edo itsuskeriaren bidetik lortzen dela edertasuna–. Kontua da ez ote gauden halako irudietara ohituegi, eraginkortasuna galtzeraino. Azken finean, edertasunaren arma nagusia ezustekoa da.


Utzi iruzkina: