"CONSUMMATUM EST"

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2013-12-13 19:19

 

ibon gaztañazpi (Orioko arraunlaria)

BERRIA, 2007-IX-25

Jaun-andreok, bukatu da. Finito. Sanmigeletako ur biziekin batera heldu zaigu San Miguel ligaren bukaera. Akabo. Egunero garbigailurik jarri behar ez. Adio makarroi zuri, oilasko bular lehor eta gatzik gabeko patata pureei; bye-bye otordu monotematiko, ezkutuko garagardo eta itsasoko iragarpenei; au revoir autobuseko gidari, txarangako musikari eta astebeteko egoskorraldiei. Gorde trainerua apalean eta aparkatu atoia, tolestu arropa horiak eta eraman entrenamenduko poltsa ganbarara, hau amattu dok-eta, txo! Parranda, mendi buelta, bidaia, ehiza, ezkontza, goxo-goxo egon edo lantegian ordu estrak sartzeko garaia da.

Bizkaian itxi zen liga (zorionak, Bermeo!), baina asteburuko arraun festa, benetakoa, Urretxun izan zen. San Migel, San Nikolas edo Ama Guadalupekoari nahikoa fede ez, eta azken urteotan Santa Anastasia gurtzen dugu estropalari koitaduok, iraileko 4. igandean. Herenegun ilunabarrean, Urdaibaiko, Orioko, Hondarribiko, Zarauzko eta Getariako berrogeiren bat tiralari bildu ginen Urola Kostako erromesaldian. Kazetari ospetsuak ere bai. Zarauztarrek ez zuten traineru titularra atera, eta pattalenak haiek izan ziren; getariarrak asko, gazteak eta borondatetsuak, etorkizun handikoak batzuk, baina oraindik dezente falta zaie goikoen mailara heltzeko. Oriotik talde sendoa aurkeztu genuen, irabazteko modukoa, baina irteera txarra egin eta taldea behera etorri zen. Oso fidagarri diren bi elementuk eutsi zioten ohore horiari. Hondarribitarrak bikain; ia beti bezala, oso erregular aritu ziren, eta distira darien hiru izar handik une gogoangarriak utzi zizkiguten. Zorionak. Garaile, ordea, Urdaibaitik etorritako bi historiko suertatu ziren; oraindik ez dakigu etxera heldu diren. Eztabaida, oraingoan, dopin kontrolik ez zegoela aprobetxatuz zenbaitek hartutako jarrerak eragin zuen, eta bandera preziatua, arraunlari gazte lotsagabeak eraman zuen guztion aurrean. Ez dakigu, baina, arraun txikiarekin asmatu, ziabogan kateatu, bukatzeko hamarrekorik jo edo errekorrik jarri zuen. Consummatum est!

Eskerrak txoko honetara bildu zaretenoi, barra muturrekoei, kiroletakoei, zierreko Ainara eta Andoniri, taldekideei, ordezkoaren mina ulertzen saiatu direnei, jaio berriari, printzesari eta aitari.


Utzi iruzkina: