CIRQUE DU SOLEIL: EDONON BEZALA, GASTEIZEN ERE EDOZER GERTA LITEKE

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2016-02-02 12:19

CIRQUE DU SOLEIL-EK «VAREKAI. OIHANEKO IPUINAK» IKUSKIZUNA EKARRI DU EUSKAL HERRIRA. EZ DA OHIKO ZIRKU-IKUSKIZUNA, BAINA ZIRKUA DA BETE-BETEAN. TRAPEZISTAK, MALABARISTAK, PAILAZOAK, MUSIKARIAK... ASTEAZKENETIK, IKAROREN MITOAREN GAINEKO ISTORIO BAT ANTZEZTEN ARI DIRA GASTEIZERA EKARRI DUTEN VAREKAI IZENEKO BASOAN.

Xabier IZAGA, GARA, 2016-I-29

0129_eg2_varekai1

Greziako mitologiaren arabera, Ikaro eta haren aita Dedalo, Kretan preso zeudenak, ihes egin zuten handik, lumazko hegoak baliatuta. Baina Ikaro eguzkira larregi hurbildu eta bere hegoetako lumak lotzen zituen argizaria urtu egin zen. Gaztea itsasora jausi zen. Dedalok Ikaria izena jarri zien inguruko lurrei, semearen oroimenez. Cirque du Soleilek (Eguzkiaren Zirkua) antzezten duen bertsioan, ordea, Varekai izeneko oihan batera jausi da Ikaro, larri zaurituta. Motxaileen hizkuntzan, «edozein lekutan» esan nahi du varekai hitzak. Edozein lekutan dago, beraz, eta han edozer gerta liteke. Oihan hori inguru misteriotsu eta magikoa da, bertako bizilagun harrigarriak bezala. Edozer gerta liteke, baita izaki haien laguntzaz Ikaro berriro altxatzea ere.

Bi orduz, etengabe eta ia oharkabe aldatuz doan agertokian, erritmo biziko segidan agertuko dira malabaristak, trapezistak, musikariak, pailazoak… Akrobaziak, musika, dantza, argiak eta oro har dekoratuek ikusgarri egiten dute istorioa. Nekez sumatuko du ikusleak aspertzeko unerik; txaloa jotzeko, berriz, ugari.

Violaine Corradik ikuskizunerako propio egindako musika munduko hainbat kulturatan inspiratua da, eta banda osatzen duten zazpi musikariek zuzenean jotzen dute emanaldi guztietan. Haien eta gainerako artisten arteko sinkronizazioa erabatekoa da, akrobaten mugimenduetan eta edozein xehetasunetan bezala. Prezisioa ikuskizunaren ezaugarrietako bat da, izan ere, eta kalitatea, ukaezina.

Eta musika bezala, jantzi guztiak, jokalekua eta oro har dekoratu osoa obrarako propio diseinatu eta eginak dira. Obra honetan, 600dik gora jantzi, zapata, ileorde eta osagarri erabiltzen dituzte. Momentu oro erabilgarri eta garbi izateko, lau langile finko eramaten ditu konpainiak berarekin bira guztietan, eta emanaldiak dituzten hirietan beste zenbait kontratatzen dituzte.

“Varekai” ez da zirku saio konbentzionala. Egia esan, Eguzkiaren Zirkua ere ez da zirku konpainia konbentzionala. Zirkuaren tradizioari uko egiten ez badio ere, guztiz berritzailea da. Gasteizera ekarri duten obra 2002an estreinatu zuten, Montrealen, eta ehundik gora herritan eman dute; hala ere, lehen emanalditik gaurdaino berrikuntza ugari izan ditu, Eguzkiaren Zirkuaren ikuskizun guztiek bezala.

Esan bezala, Eguzkiaren Zirkua ez da zirku konbentzionala, baina zirkua da, inondik ere, eta “Varekai”-k, ijito-hizkerako hitz horrek bezala, ikuskizun horretatik harago, Eguzkiaren Zirkuaren –azken batean zirkuaren– izaeraren ezaugarri nagusietakoa laburbiltzen du. Izan ere, haren esanahiak eta sortu zuen herri ijitoak iradokitzen dute Quebeceko zirkuaren espiritu nomada.

“Varekai”-k, gainera, antzinako zirku-tradizioak omentzen ditu, haien zordun, Georgiako dantza ikusgarriak –baso liluragarri horretan are ikusgarriagoak– eskainiz, esate baterako.

Zirkuaren muina, gizakia

Eguzkiaren Zirkuak ez du lehenbiziko aldia Euskal Herrian; Gasteizen bai, ordea; karpa erraldoirik erabili beharrik gabe, gainera, Zurbaoko Buesa Arena Pabiloia bere ikuskizuna eskaintzeko gune aproposa izaki, forma ez ezik, haren neurriak direla-eta.

Joseba Sarrionandiaren eleberri batean, Kalaportuko umeak zirku batez ari omen dira, «bagoi pilo batekin, elefanteekin, lehoiekin, tximinoekin, pailazoekin, ezpata irensleekin, emakume bizardunekin» herrira iritsiko omen den zirkuaz, hain zuzen. Eta kolosala izango dela diote. Eguzkiaren Zirkuaren emanaldietan ez da ohiko zirkuetako animaliarik agertzen, ordea. Varekai oihanean bizi direnak alegiazkoak dira, egiten dituzten ikuskizun guztietan agertzen direnak bezala, animaliak erabiltzea baztertu baitzuten hasiera-hasieratik, zirkuaren muina gizakia dela erabakita. Ez da, ez, gerra arteko garai hartan Kalaportuko haurrek itxaroten zuten zirkua. Egungoak ere gerra garaiak dira, baina askoz ikuskizun gehiago eta egunero ikusteko modukoak daude; hala ere, ume askok –eta nagusi askok– «kolosala izan da» esango bide dute Varekai ikusitakoan.

 

Eguzkiaren Zirkua, kaletik abiatuta, mundu osoko 4.000 langileko konpainia quebectarra

Jessica Heredia katalanak break dance egiten zuen Eguzkiaren Zirkuan hasi aurretik. Montrealen egin zuen zirku horretan jarduteko prestaketa eta dagoeneko bi urte pasa bete ditu konpainian, dantzari akrobata gisa, «edozein artistak nahi lukeen lanean». Lan gogorra, baina gogobetetasun handia ematen omen duena; batez ere «zure jendearen aurrean» jarduten dutenean», dio Jessicak, Katalunian egindako emanaldiak gogoratuta, edo oraindik orain Andaluziakoak, aita andaluziarra du eta.

Ez da harritzekoa break dance egiten duen bat edo kalean bere abileziak erakusten dituen norbait Eguzkiaren Zirkuan sartzea, hain zuzen kale-artista talde batek sortu baitzuen 1984an, Quebecen. Kale artistez gainera, kirolariak, dantzariak eta beste arlo ugaritan jarduten duen jendea du harrobi zirkuak.

Eguzkiaren Zirkua sortu zen urtean, 73 lagunek lan egiten zuten konpainian, eta gaur egun 4.000 langile dira, horietatik 1.300 inguru, artistak. Egunotan Gasteizen, bira honetan alegia, 100 lagunek hartzen dute parte “Varekai” ikuskizunean; erdiak, artistak.

Konpainiako artisten eta gainerako langileen zerrenda mundu osoko 50 herrialdetako lagunek osatzen dute. Hiru hamarkadotan mundu osoko 300dik gora hiritan eskaini dituzte beren saioak. Montrealen du egoitza Eguzkiaren Zirkuak, eta 1.500 lagun inguruk lan egiten du hango bulegoetan.

Antzezpenek eskatzen duten maila fisiko eta psikikoa ez da nolanahi lortzen; horrenbestez, emanaldi bakoitzaren aurreko entseguaz gainera, egunero entrenamendu zorrotza egin beharra dute. Entseguetan beti ere segurtasun neurri zorrotzak dituztela, marketin arduradun Juliek dioenez, «segurtasuna lehentasunezkoa baita».

Asteazken gauean eskaini zuten lehen emanaldia, eta igandea bitartean zazpi izango dira denera, asteburuko bi egunetan bina emanaldi. Ondoren, Estatu frantseserantz abiatuko dira, Gasteizen ilusio eta txundidura momentu ederrak utzita.X. I.


Utzi iruzkina: