CARMEN HORRIDULUM

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2013-04-16 22:32

                                                                                      BERRIA, 2013-04-16

 

                                                                                       Santi Leone

Amaya [sic] Zarranz PPNko diputatuaren arabera, irratian arrosarioa aditu nahi duten katolikoen kopurua aise handiagoa da, irratia euskaraz entzun nahi lukeen jendearena baino. Borgesek zioen estatistikaz abusatzeko manera bat dela demokrazia: definizio hori ontzat ematera, Zarranz demokratarik eredugarriena genuke, behin eta berriz sublimazio numerikoaren bidez adierazten baitu euskal jendeaz duen mespretxu kualitatiboa. Haren ustez kakaren pare garela erratea itsusia eta politikoki ez-zuzena izanen litzatekeenez, gutixko garela nabarmendu nahiago izaten du PPkoak, quantité négligeable.

Alta, ez omen du euskara gorroto. Galdeginez gero (eta galdegin gabe ere), berak kontatuko dizu euskaldun zituela aitatxi-amatxiak, eta berak ere euskara pixka bat ikasi duela (baina kasu honetan pixka bat no es mucho). Eta hona misterio handia, arrosarioarenak bezain: normalean jende gehienari arbaso euskaldunak eduki izanak eta euskara ikasi izanak oroitzapen maitagarri (edo gorrotagarri) bat eta hizkuntzaren ezagutza maila jakin bat ematen ohi badio ere, Zarranzi, salbuespen gisa, euskararen gaineko izugarrikeriak errateko autoritate morala eman dio, nonbait.

Edonola ere, hura bere espezieko ale bakarra izanda ere, ez zait bidezkoa iduritzen horrelako kritika kuantitatiboa egitea. Beraz, arestian Borges aipatu dudanez, zilegi bekit Il nome della rosako Jorge agurgarriak Guglielmo de Baskervilleri errandako hitz hauek erabiltzea —euskara ez bezala, hizkuntza unibertsal batean adieraziak—, Zarranzen solasa deskribatzeko: Tum podex carmen extulit horridulum.


Utzi iruzkina: