"BRUTO DEVE MORIRE"

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2013-05-28 22:44

                                                                                  Alberto Barandiaran                                     

                                                                                     2012-11-16

Paolo eta Vittorio Taviani anaien Cesare deve morire filmaren lehen eszenan, antzerki tailerrean parte hartzeko prest dauden presoak gela batean elkartu ditu Rebibbia espetxeko (Erroma) zuzendariak. Han iragarri die Shakespeareren Julius Caesar antzezlana prestatzea erabaki dutela. Presoetako inork ez daki nork egingo duen Brutoren rola, edo Kasiorena, edo Marko Antonio edo Servilio Kaska edo Tulio Zinberrena, baina denek egin nahi dute Julio Zesarrena. Denek izan nahi dute enperadore, denek dastatu nahi dute Brutori traizioa aurpegiratzeko unearen erdian egoteko handitasuna; denek izan nahi dute, sikiera espetxe honetan, martiri, azpikeria politiko famatuenetakoaren protagonista; denek egon nahi dute Erromako senatuaren atariko lurrean luze-zabal etzanda agondu ezinik, dozenaka sastakadaz erituta, ozen esan ahal izateko, une historiko gorenen transzendentziari dagokion duintasunaz: «Tu quoque fili mi!».

Napoli, Palermo, Catania edo Reggio Calabriako gizon zangarrak, gidoia antzeztu behar dutenean, egindako minez eta burututako krimenez gogoratzen dira, horrela dena sinesgarriagoa izango delakoan, baina Brutoren larruan sartzeko aukeratu duten Cosimo Rega presoak ezin du diktadorea labanaz eraso aurretik esan behar duen esaldi horrekin, iraganeko aitortu ezinak gogorarazten baitizkio. Julio Zesarrena egiten duen aktorea, halako batean, anbizio eta jukutria neurri gabea leporatzen hasi zaie gainerako presoei, bere onetik aterata, eta ez dakizu antzezlana bera den, edo bizitza besterik ez.

«Artista naizenetik, presondegia jasanezina egiten zait», diotso ziegako zaindariari Gaio Kasio Longino tribunoarena egiten duen presoak. Julio Zesarrek ez omen zuen asko estimatzen Kasio Longino hori, zurbila eta apetitu gutxikoa zelako. «¿Tu quoque Caius Casio?», pentsatu ote zuen enperadoreak azken unean, tribuno eskas hura ere eztenkada sartzeko pronto zegoela ohartu zenean?

Pentsatu bazuen, ez zuen hitz horiexekin pentsatuko.

Magnizidioa gertatu eta berrehun bat urtera idatzitako De vita Caesarum biografian, Suetonio historialari eta biografo erromatarrak nabarmendu zuen Julio Zesarrek greziera klasikoan bota zuela esaldi famatua. Zergatik grezieraz? Erromako inperioaren etxe oneko haur eta gazteek hezkuntza osoa grezieraz jasotzen zutelako. Julio Zesar izeneko mutiko batek harreman gutxi izango zuen bere adineko haur eta gazte erromatarrekin, eta, beraz, haurtzaroan eta, are gaztaroan ere, latina bera bezain ondo edo hobeto menperatuko zuen greziera.

Eta Julio Zesarrek grezieraz esan bazion Brutori esan ziona, jaso behar zituen hogeita hiru labankadetako bat jaso baino lehentxeago, orduan gauzak aldatzen dira, greziera klasikoan adituek nabarmendu dutelako esamolde horrek, grezieraz, beste zentzu bat duela. Ez dela, «Zu ere bai, seme!» ahalke hori, heriotza parez pare ikusita etsipen fatalistaz abandonatzen denaren oihu indargea, dezepzionatuta, ezer leporatzeko ezgaitua, lanturu huts tristea. Ez. Grezieraz, esaldiak mehatxu kutsua omen dauka: «Hik ere hire botikatik probatuko duk, txikito!», edo horrelako zerbait. «Hi ere zaharra eta ahula izango haiz noizbait, eta zulora joango haiz ni orain noan bezala».

Suetonioren biografiaren zorroztasuna zalantzan jarri izan da behin baino gehiagotan, eta esaldia, beharbada, bere uztakoa izan daitekeela iradoki izan da, baina azken ikerketa linguistikoek diote esamolde hori ohikoa zela Zesarren garaian, eta mehatxu adierarekin gainera. Beraz, egia bada «Tu quoque fili mi!» hori grezieraz ahoskatu zuela Julio Zesarrek, orduan enperadorearen hil aurreko jarrerari buruzko interpretazio berria proposatu behar da, une historikoaren istorioa bera aldatuko duen ñabardura garrantzitsu bat, Julio Zesar eta Brutoren artekoa beste begirada batekin ikustera garamatzana, enperadoreak desafioa bota baitzuen hil aurretik, klementzia eskatu ordez!

Litekeena da aitajuntekoak esandakoarekin oroitu izana Bruto handik bi urtera, inperioaren armadak inguratuta zegoela eta bizitzarekin amaitzen laguntzeko eskatu zienean bere ezpatakideei, inork ez baitzuen zama hori bere kontzientzian hartu nahi izan, koldarrak, eta, azkenean, esklabo baten esku ez sobera nobleak obratu behar izan zuelako bere azken nahia, Julio Zesar handiaren hil ondoko mehatxua betez horrela.

 


Utzi iruzkina: