Bortxaketaren kultura klasikoa

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2018-08-31 20:13

  • Grezia. K.a VII. mendea. Himno homerikoak izeneko poema sortako alerik zaharrena sortu zuten, Demeter jainkosaren berri jasotzen zuena.

ARGIA, 2018ko uztailaren 15a
Luca Giordanoren ‘Persefoneren bahiketa’. Persefone Hades azpimunduko jainkoak bahitu eta bortxatu zuen eta hori ez da, inolaz ere, mitologia klasikoko bortxaketa kasu bakarra.
Luca Giordanoren ‘Persefoneren bahiketa’. Persefone Hades azpimunduko jainkoak bahitu eta bortxatu zuen eta hori ez da, inolaz ere, mitologia klasikoko bortxaketa kasu bakarra.
 

Demeter, Kronos eta Rearen alaba, Gea amalurraren oinordekoa zen. Zeus anaiak bortxatu zuen eta, ondorioz, Persefone alaba jaio zen. Persefone ere Hades osabak, azpimunduko jainkoak, bahitu eta bortxatuko zuen.

Alaba azpimunduan gatibu zegoela, Demeter amak Lurra ibili zuen Persefoneren bila. Bitartean, Demeterren beste anaia bat, Poseidon, arrebaren atzetik ibili zen hura bortxatu nahian. Azkenean, Demeterrek behor itxura hartu zuela ikusirik, Poseidon zaldi bihurtu zen eta bere helburua lortu zuen.

Zeusek erabaki bat hartu zuen orduan: Persefonek, handik aurrera, sei hilabete emango zituen azpimunduan haren osaba eta bortxatzailearekin, eta urteko beste sei hilabete Olinpoan egongo zen, amarekin. Demeterren pozak argia eta bizitza ekartzen zituen Lurrera sei hilabete horietan, udaberrian eta udan. Persefone bahitzailearen azpimundura itzultzen zenean, ordea, tristura, udazkena eta, gero, negua nagusitzen ziren. Eta, horrela, intzestu eta bortxaketa zurrunbiloa medio, azaldu zuen greziar mitologiak urtaroen joan-etorria, bizitzaren urteroko zikloa.

Baina hori adibide bat besterik ez da. Teseok Troiako Helena bortxatu zuen. Kastor eta Poluxek Leuziporen alabak, Febe eta Hilaira, bahitu eta bortxatu zituzten eta gero haiekin ezkondu ziren, Sexto Tarkinio printzeak Lukrezia bortxatu zuen. Filomela, aldiz, bere koinatu Tereok bortxatu zuen. Poseidonek ez zuen soilik arreba eraso, Medusa ere bai. Baina arlo horretan ere Zeus izan zen nagusi; Demeterrez gain, Antiope, Ganimedes, Europa, Leda... bortxatu zituen Olinpoko jainkoen erregeak. Eta ezin ahaztu, kondairaren arabera, Erromako fundatzaileek Sabinak masan bortxatu zituztela.

Gilbert Higuet (1906-1978) historialari klasizistak esan zuen moduan, “gure mundua Grezia eta Erromaren jarraipena da. Gure jarduera intelektual eta espiritual gehienetan erromatarren bilobak eta greziarren birbilobak gara. Beste eragin batzuek ere lagundu digute garena izaten, baina greko-erromatar bultzada izan zen aberatsena eta indartsuena”.


Utzi iruzkina: