ATLETEN IZERDI GARESTIA

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2013-11-19 21:16

 

Nagore Irazustabarrena


ARGIA, 2013-11-17
Lisipo greziarraren Apoxyomenos eskultura, atleta izerdia, hautsa eta olioa estrigilaz azaletik kentzen irudikatzen duena.
Lisipo greziarraren Apoxyomenos eskultura, atleta izerdia, hautsa eta olioa estrigilaz azaletik kentzen irudikatzen duena. (Vatikanoko Museoa)

Erroma, K.o. I. mendea. Plinio Zaharrak (23-79) Naturalis Historia lanean Antzinaroko ezaguera zientifikoa biltzeko ahalegina egin zuen eta, besteak beste, atleten izerdia zein garestia zen azaldu zuen. Eta ez zen atletek garaipena eta hotsandia lortzeko egin behar zituzten entrenamendu gogorrez ari, hau da, erromatar idazleak esana ez da irudizko adieran hartu behar, literalki baizik. Pliniok ez du salneurri zehatzik aipatzen, baina antzinako Erroman atleten eta gladiadoreen izerdia saltzen zen, bai garesti saldu ere.

Antzina, greziarrek eta erromatarrak ez zuten xaboia erabiltzen. Uretan sartu ondoren, hainbat olio eta ukendu ematen zituzten azalean, eta pilatutako zikinkeria zaharrak eta garbigarri berriak kentzeko, urberritzerik ezean, erromatarrek estrigil esaten zioten hazkagailu modukoa erabiltzen zuten.

Kirolariek maiz erabiltzen zuten metalezko tresna. Lehiatu edo entrenatu baino lehen olioa eman ohi zuten azalean, azala egokitzeko eta inpaktu arinengandik nolabaiteko babesa izateko. Saioa amaitzean, gorputza estrigilaz igurtzi eta olio, izerdi, hauts eta azal arrastoak kentzen zituzten. Atletak eta gladiadoreak indarraren eta kemenaren eredu miretsiak zirenez, gimnasioetako eta palestretako arduradunei estrigilen uzkinak mozkin bihur zitezkeela bururatu zitzaien. Hala, souvenir saltzaileak bailiran, zirko atarian saltoki txikiak paratzen zituzten, atletek botatako substantzia oretsua dosi txiki eta garestietan saltzeko (borrokan hildako animalien koipea ere saltzen zuten, merkeago). Izerdiak jatorrizko jabearen energia gordetzen omen zuen eta, horregatik, hainbat gaitz eta arazo fisiko sendatzeko gaitasuna zuen, propietate kosmetikoak zituen eta afrodisiakoa ere ba omen zen. Plazebo efektuaz harago, Pliniok ez du ematen ustezko sendagai mirakulutsuaren eraginkortasunaren frogarik.

Besteren izerdi zaharmindua hartzea, hortz-haginak gernuz garbitzea... iraganeko higiene ohitura asko gutxienez zalantzagarriak iruditzen zaizkigun arren, ez da Antzinaroraino joan behar adibide gehiago topatzeko. Duela hamar urte, interneteko enkante etxe ezagun batean “Beckhamek sinatutako eta izerditutako (sic) elastikoa salgai” zioen eskaintza argitaratu zuten; enkantea 4.500 eurotan abiatu zen. 2007an, Shanghain, Rafael Nadal eta Andy Roddick tenislarien elastikoak 1.100 euroren truke saldu zituzten enkantean. Roger Federerrek hilabete batzuk lehenago erabilitako trajea 1.011 eurora besterik ez zen iritsi, Jason He aurkezleak ederki sustatu zuen arren: “Berezko usaina gordetzen du eta ez da garbitegitik pasa”.


Utzi iruzkina: