Atenasek eta Skopjek Mazedoniari buruz lortutako akordioak hautsak harrotu ditu

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2018-08-31 19:10

27 urtez luzatutako gatazka konpondu asmoz akordioa sinatu dute Greziak eta Mazedoniako Errepublikak, Jugoslavia ohiko parte izandako lurraldeak etorkizunean hartuko duen «Ipar Mazedonia» izenaren inguruan. Bi aldeek amore eman behar izan dute, negoziazio prozesu guztietan bezala, baina bateko nahiz besteko oposizioek iragarri dute jada akordioaren aurka egingo dutela.

NAIZ, 2018-VI-23
Dabid Lazkanoiturburu
0623_gaurzortzi_mazedonia3

Nor da egun antzinateko Mazedoniaren oinordekoa? Hau da, nor da egungo Greziaren eta Balkanen artean Filipok hedatu zuen erreinuaren oinordekoa? Ez da ez kontu hutsala estatu xume izatetik Greziako estatu-hiri guztiak mendean hartzera iragan zen erreinuaren oinordekotza. Izan ere, adibidez, nork aldarrika dezake beretzat Alexandro Handia, Mediterraneotik Indiaraino munduak ezagutu duen inperiorik erraldoienetarikoa osatu zuen konkistatzaile famatua?

Historialarien arteko eztabaida dirudien arren, Europak azken 27 urteotan bizi izan duen auzirik xelebreena izan da “Mazedonia” hitza erabiltzeko eskubidearen ingurukoa. Xelebrea baina inolaz ere ez txantxetakoa, ez behintzat Atenas eta Skopjeko gobernuentzat. Europako Batasunak eta NATOk berak ere arduraz jarraitu dute auzia, Balkanetako herriak Mendebaldera gerturatzea, edo, nahiago bada, Mendebaldea Balkanetara gerturatzea, oztopatu duelako.

Antzinatea eztabaidagai duen auzia aspaldikoa da, baina 1991n azaleratu zen, Sobietar Batasuna eta Varsoviako Ituna desagertu ostean Josip Broz Tito mariskalaren Jugoslavia suntsitzean. Urte hartako irailaren 1ean independentzia aldarrikatu zuen 1944tik ordura arte, Tito mariskalak erabakita, Jugoslaviako zati izandako Mazedoniako Errepublikak.

Ezta pentsatu ere...

Berehala, Europako Batasunean sartzeko eskaera egiteaz gain, Konstituzioa aldatu zuen Mazedoniak. Bere izaera “sozialista” ukatzeaz gain, edo agian ukatzearen truke, mazedoniar izaera bilakatu zuen ardatz nagusi, hizkuntzatik aberrira –“erbestean” bizi ziren mazedoniarrak ahaztu gabe–. Horren adibide edo seinale, “Verginako Izarra” bilakatu zen Mazedoniako Errepublikaren ikur, bere hamasei argi izpiekin. Hori, baina, gehiegi zen Greziarentzat, are gehiago izarrari izena ematen dion Vergina herria Grezia barneko Mazedonia eskualdean dagoela kontuan hartuta. 1977an, bertan kokatutako errege mazedoniarren hilobietan lurperatutako kofre batean grabatuta aurkitu zuten Mazedoniako Errepublikak ikurtzat hartutako “Verginako Izarra”.

Auziak hautsak harrotu zituen Atenasen eta greziar alderdi ia guztiek bat egin zuten Mazedoniako Errepublika jaioberriaren «usurpazioa» salatzeko, baita Skopjek Greziako Mazedonia eskualdea, Mazedonia historikoaren muina, menpean hartzeko egindako «saiakerari» aurre egiteko ere. Horrela bada, gaur egun arte iraun duen betoa ezarri zion Greziak bere iparrean sortutako estatuari.

Gorabehera handiak

1991n hasitako auziak gorabehera handiak bizi izan ditu ordutik. Greziak ez du amore eman eta horrek erdibideak bilatzen saiatzera behartu ditu bai Skopjeko Gobernua bai nazioartea bera ere. 1993ean, Nazio Batuen Erakundeak estatu berria bere baitan onartu zuen, baina Jugoslavia Ohiko Mazedoniako Errepublikaren (FYROM) behin-behineko izenarekin. Orduan ekin zion NBEk bi aldeen arteko negoziaketak bultzatzeari.

Greziak, ordea, ez zuen konpromisoa onartu, eta, negoziaketak arbuiatu ez ezik, blokeo ekonomikoa ere ezarri zion Mazedoniako Errepublikari, Salonikako porturen ateak (Greziako Mazedoniako hiriburua) enpresa mazedoniarrei itxiz. NATOn sartzeko ate joka ere bazebilen Mazedonia, eta, egoera erabat gaiztotuta zegoela ikusita, Ameriketako Estatu Batuek parte hartzea erabaki zuten. Horrela bada, bi aldeek 1995an Washingtonen sinatu zuten akordioa betez, Skopjeko Gobernuak “Verginako Izarra” bere banderatik kendu eta zortzi ardatzeko eguzki bategatik ordezkatu zuen.

Luzaroan, egoerak bere horretan iraun zuen, iaz arte. Ordura arte, Europar Batasunak eta NATOk Mazedoniako Errepublika bere ingurura hurbiltzeko egindako mugimendu guztiak oztopatzen zituen Greziak, bietako kide izanik bere beto eskubidea ezarriz.

Gobernu aldaketa Skopjen

Greziaren jarreratik harago, Mazedoniako Errepublikak berak ere badu auziak ia 30 urte iraun izanaren erantzukizuna. Independentziaren unetik bertatik, batez ere Kosovoko gerraren eraginez, gutxiengo albaniarrarekin tirabirak izan dira nagusi bertan azken hamarkadotan. Mazedonian bizi diren albaniarrek (biztanleen %30 eta %40 artean), ez dute sekula begi onez ikusi Errepublika «mazedoniartzeko prozesu esentzialista», boteretik bertatik VMRO-DPMNE alderdiak bultzatu izan duena.

Mazedoniako albaniar politikariak ere ez dira inolaz ere errugabeak, Kosovoko gerra amaitu eta bi urtera, 2001ean, UÇK-ko gerrillaren talde bati ateak zabaldu eta, albaniarren aurkako diskriminazioa aitzakia, gerra Tetovo hiriraino eraman zutelako. Jugoslavia desagertzea eragiteaz gain hamar urte luzez ehunka milaka hildako eta izugarrizko txikizioa eragin zituen liskarra berpizteko zorian zen berriz Balkanetan; nazioarteak bultzatutako Ohri lakuko akordioak lortu zuen azkenean amildegirako bidea erakusten zuen egoera arriskutsua konpontzea.

Akordioak akordio, Grezia eta Mazedoniaren arteko auziak bere horretan zirauen, 2017an Alderdi Sozialdemokratak hauteskundeak irabazi eta Zoran Zaev lehen ministroak Skopjen Gobernu berria osatu arte. Ordura bitartean, VMRO-DPMNE alderdi eskuindarra Alexander Handiaren estatuak eraikitzen, bere eta bere arbasoen izenekin aireportuak eta bestelako azpiegiturak... bataiatzen aritua zen, Atenasen haserrea areagotuz. Zaevek, ordea, Alexis Tsipras Greziako lehen ministroarekin biltzea erabaki zuen, bi aldeen arteko harremanak berreskuratzea xede. Syrizako buruak, bere aldetik, Davoseko gailurra aprobetxatu zuen urtarrilean berriro Mazedoniako lehen ministroarekin bildu eta negoziazioak bultzatzeko.

Akordioa: «Ipar Mazedonia»

Bost hilabeteren bueltan, telefonoz akordioa adostu zuten ekainaren 12an bi agintariek, aurreko igandean bi herrialdeen artean muga egiten duen Prespes lakuan sinatu zutena. Mazedoniako delegazioak txalupaz zeharkatu zuen lakua, Greziako aldean lur hartuz. Skopjeko lehen ministro batek lur greziarra zapaltzen zuen lehen aldia zen. Era berean, Tsiprasek gauza bera egin zuen eta Mazedoniako Errepublikako lurra zapaldu zuen estreinakoz.

Nikos Kotzias eta Nikola Dimitrov Greziako eta Mazedoniako Atzerri ministroek sinatutako akordioaren arabera, bi aldeek “Ipar Mazedonia” izen berria onartzen dute Mazedoniako Errepublikarentzat. Azkenengo 25 urteotan bitartekari lanak egin dituen Nazio Batuetako Matthew Nimetz ere ekitaldian izan zen. Baita Federica Mogherini Europar Batasuneko diplomazia arduraduna ere. Hainbat adituk egindako irakurketaren arabera, Errusiak gero eta presentzia nabariagoa du Balkanetan, eta horrek kezka sortzen du Europar Batasunean. Horregatik, Bruselak presio egin omen die Atenasi eta Skopjeri behingoz akordio batera hel zitezen.

Barne presioak bi aldeetan

Benetako presioak, ordea, barnean dituzte bi aldeek. Tsipras lehen ministroak zentsura mozio bat gainditu behar izan zuen akordioaren sinaduraren bezperan, Demokrazia Berria talde eskuindarrak aurkeztuta. Inkestek bozen %30 ematen dizkiote Kyriakos Mitsotakisen alderdiari, 2015ra arte boterean egon zena. Orduan oposiziora bidali zuen Syriza koalizioari, berriz, botoen %15 soilik ematen dizkiote.

Horrela bada, eskuinak Tsipras are gehiago ahultzeko baliatu nahi du egoera, eta «traiziotzat» jo du akordioa, nahiz eta bere garaian Demokrazia Berria taldea antzeko soluzio baten alde agertu. Zentsura mozioa saihesteko, Syrizak gobernuko parte den Greziar Independenteak (ANEL) talde helenistako diputatuen babesa izan zuen –batena izan ezik–. Hala ere, ANELeko buru eta Defentsa ministroa den Panos Kammenosek ez duela akordioa Parlamentuan babestuko ohartarazi du, eta diputatuen hiru bostenaren babesa behar izatea exijitu du.

Skopjen ere hautsak harrotu ditu akordioak. Kale istiluak izan dira, baita atxilotuak eskuineko oposizioko kideen artean ere. Parlamentuak akordioa babestu du, baina Gjorge Ivanov presidenteak beto eskubidea baliatuko duela iragarri du. Horrek onarpena atzeratzea baino ez du lortuko. Aitzitik, akordioa erreferendumean onartu beharko dute mazedoniarrek urtea amaitu baino lehen. Hor dago, beraz, gakoa.

Azken zehaztasunetaraino

Lortutako akordioa zehatza da oso, eta Alexandro Handiaren estatuetatik ardoaren izendapenerainoko arloak jorratzen ditu. Adostutako “Ipar Mazedonia” izenak, gainera, autoen matrikulatan (NM) eta herritarren nortasun agirietan izan beharko du isla.

Era berean, bi aldeek onartu dute “Mazedonia” eta “mazedoniar” hitzek errealitate historiko eta kultural desberdinei egiten dietela erreferentzia. Hizkuntzari dagokienez, akordioak dio Ipar Mazedonian hitz egiten den mazedoniera Hegoaldeko Eslaviar taldeko hizkuntza bat dela, VI. mendetik aurrera eskualdean hedatu zena. Hau da, ez dela Alexander Handiak hitz egiten zuen hizkuntza. Azken horren eta bere aita Filiporen omenez Skopjen eraiki diren estatuatan, berriz, plaka bana jarriko da, Greziaren historiaren parte direla azalduz. “Verginako Izarra”, noski, ezingo du erabili Ipar Mazedoniak. Azkenik, iparrean zein hegoan ekoizten diren ardoari eta halva postreari dagokienez, jatorri izenen inguruko akordioak bultzatuko dituzte bi gobernuek.

Balkanetako mamuak

Bistan denez, izen soil batek milaka auzi zabal ditzake historia korapilatsua duen Balkanetan, eta Tsiprasek eta Zaevek eskualde osorako eredu bezala aurkeztu dute akordioa. Ez zaie arrazoirik falta, baina Balkanez hitz egiten ari garela kontuan izanik, akordioa ezerezean gelditzeko arriskua ere hor dago. Lehen ministro mazedoniarrak oposizio latza du aurrean eta Tsiprasek hauteskundeak gainditu beharko ditu urtebete barru. Eta 2015ean Europar Batasunarekin izandako lehian amore eman izanak eta hiru urtez ezarritako murrizketek Syrizaren proiektu eraldatzailea ahuldu dute.

Ikusteko dago, beraz, zer gertatuko den. Ikusiko ez duena, seguru, Alexandro Handia da. Duela 2.300 urte ezagutzen zen ia mundu osoa bere mende hartu zuen konkistatzaileak zer pentsatuko ote luke berpizterik balu bere ondorengoen arteko ika-mikok ikusita? Agian, ahulen patua dela antzinateko handitasuna aldarrikatu behar izatea egungo txikitasuna estali nahian...


Utzi iruzkina: