APOLITIKOA

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2016-02-10 18:37


BERRIA, 2016-01-31

Angel Erro

Apolitikoaren ezinaz ederki mintzo da Amaya Uranga ezkerreko emakume eta kantari autodidakta, orain urtebete Deian emaniko elkarrizketa batean, non, bidenabar, ez baitu eragozpenik, egunkari horren irakurlearen batezbesteko politikoa aintzat hartuta, Iñaki Azkuna zenaren apetatsutasuna azpimarratzeko: «Berdin zait udal ala gobernua. Goitik behera xedatutakoa oro gaizki eramaten dut. Ezin ditut politikariak eraman. Baina badakit denak ez direla zaku berean sartzekoak. Ni ez naiz apolitikoa, zeren holakorik esaten duzun unetik beretik ari baitzara politika egiten».

Lawrence Lessig abokatu anti-autoritario eta kultura librearen aldeko ekintzaile, hala nola, hori gutxi balitz bezala, Creative-Commons erakundearen sortzaile eta Interneten topatu dudan honako aipu honen egileak dioenez: «Nire idazkietan erabili dudan gaietako bat da jendeari ulertaraztea ezen apolitiko hitzak galtzen ari zara esan nahi duela, eta ez politikarien eraginik gabeko bizitza utopiko bat bizitzen ari zarenik».

Ondorio berberera iristen ahal da apolitikoa izendatzeko hitzak grezieratik latinera egindako jauzi semantikoaren berri duena. Grezian idiota deitzen zitzaien kontu publikoez arduratzen ez zirenei. Erroman hitzak gurean bezala esan nahi du.


Utzi iruzkina: