AD IGNORATIAM FALAZIA

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2012-08-03 13:40

Iñaki Odriozola

ARGIA, 2012-VII-02

Demostra ezazu Jainkorik ez dagoela! Hau izan da erlijiozaleek erabili duten argumentua, jainkoaren izatearen alde egiteko. –Zuk ezin duzunez demostratu jainkorik ez dela, orduan, nik diot badela–. Boterearekin bat zeudenez, gainera, hizkuntza ere pentsamolde horren menpe jarri zuten, a-teo deituz –jainkorik-gabea– aurka zeudenei, eurek, cum-teo zirela onartu beharrean. Erabat lasai geratzen ziren hori adierazi eta gero (ateoak ez, ordea, erre egiten baitzituzten), egiaren jabe zirelakoan.

Argumentu iruzurti honi “ad ignorantiam” falazia deritzo, eta batxilergoko ikasleek erraz atzematen duten kontzeptua da, erraza baita agerian uztea, edozer baiezta daitekeela, edozeren izatea onartu, aurkakoa ezin ezezta daitekeela argudiatuz.

Eta erantzuna argia da, nik ez daukat jainkorik –edo beste ezer– ez dagoela demostratu beharrik; aitzitik, zuk demostratu behar duzu badagoela, baina horretarako ezin duzu aurkakoaren demostraezintasuna erabili.

Egoera praktikoetara jaitsiaz, argumentu honen erabilerak juridikoki badu konkrezioa, errugabetasun-presuntzio edo, deritzona. Honen muina zera da, inork ez daukala demostratu beharrik leporatzen zaiona ez duela egin, eta, ostera, akusatzaileak, demostratu behar duela norbaiti egozten diona.

Nik ez daukat jainkorik ez dagoela demostratu beharrik; aitzitik, zuk demostratu behar duzu badagoela, baina horretarako ezin duzu aurkakoaren demostraezintasuna erabili

Joan zen astean, Bateragune kasuaren epaiketan, Estatua babesten duen fiskalak, Arnaldo eta besteek ETAren menpe zeudela baieztatzeko, hauxe zioen, hain zuzen ere –gazteleraz, noski–: “Ez dagoela dokumenturik, ez daturik, hauek antolatutako operazio politikoan ETA ez dagoela adierazten duenik”. Eta erabat lasai geratu zen hori adierazi eta gero (besteak ez, ordea, kartzelan baitaude), egiaren jabe delakoan.

Fiskal honek batxilergoa egin duela ziurta daitekeenez, era trakets honetan jokatzeko bi arrazoi daudela otutzen zait: edo ezin izan du demostratu egotzitakoa (eta hau agerian geratu da abokatuei esker), eta horregatik, ezgaitasunez, jo du falazia erabiltzera, edo, txarragoa dena, ez du ikusi egotzitakoa demostratu beharrik, eta falazia erabili du, diskurtso zentzugabe eta hutsal bat betetzeko, azkenean, aurrez idatzitako helburua, kartzela eskaera, babesteko.

Batak ala besteak adierazten dute fiskal honen jokaeraren maltzurkeria larria. Hau prebarikazioa ez bada, zer da, orduan? (“Justiziarekin erlazioa duten langileek, maleziaz beren karguak dituen eskakizunei uko egitean edo hauek behar bezala ez betetzean datza delitua” dio Harluxet-ek).

Ea, bada, guztiak aske uzten dituzten, ordua da eta.


Utzi iruzkina: