5.000 ESKRUPULURIK GABE HORTZAK GARBITZEN

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2013-07-22 19:29

Nagore Irazustabarrena

BERRIA, 2013-03-31
Ezkerrean, William Addisek (1734-1808) sortutako enpresaren iragarkia. Alboan, enpresaren hortz eskuila zaharrenetako batzuk.
Ezkerrean, William Addisek (1734-1808) sortutako enpresaren iragarkia. Alboan, enpresaren hortz eskuila zaharrenetako batzuk.

Newgate (Ingalaterra), 1780. Hortzetako eskuila modernoa asmatu zuen William Addisek. Baina gizakia askoz lehenago hasi zen hortzak garbitzen, Historiaurrean seguruenik; mamut haragi arrastoak hortz-hagin tarteetan izatea ez zen batere atsegina izango.

Antzinako egiptoarrek hortzetako pasta nahiko sofistikatua erabiltzen zuten duela 5.000 urte: idi apatx erre eta xehea, mirra, arrautza azala eta apar harria nahasten zituzten garbigarria lortzeko. Ez dakigu osagai bakoitzaren zer kantitate erabiltzen zuten, baina bai hatzez edo makilatxo batez igurzten zituztela hortz-haginak.

Erromatarrek produktua hobetu zuten. Substantzia urragarri gisa, hau da, janari arrastoak erauzten laguntzeko gai gisa, maskorrek ordezkatu zituzten egiptoarren idi apatxak. Gainera, nahasketari ardoa eta usain-belarrak eransten hasi ziren, ahoa freskatzeko eta hats gaiztoaren aurka egiteko. Horrenbestez, hortzetako pastaren helburu higienikoa asebete ondoren, erromatarrek haratago joatea erabaki zuten, eta oreari propietate estetikoak gehitzea erabaki zuten.

Fullonica delakoetan (garbitegietan) erromatarrek gernua erabili ohi zuten, gernuaren amoniakoak arropa zuritzen laguntzen duelako. Beraz, hortzak ahalik eta zurien atxikitzen lagunduko zuela pentsatu zuten eta hortzetako pastari ere pixa erantsi zioten. Gaius Valerius Katulo (K.a. 87-54) poetari jaramon eginez gero, hortzak txizaz garbitzeko ohitura hura zabalduta zegoen Iberiar penintsulan: “(...) Zeltiberiako herrialdean, bakoitzak botatzen duen pixa hortzak eta oi gorriak garbitzeko erabiltzeko ohitura dute goizero eta horrek besterik gabe esan nahi du hortzak zenbat eta garbiagoak izan orduan eta pixa gehiago duzula barruan”.

Baina efektu urragarri eta zurigarridun pasta garesti hura noble aberatsenen esku bakarrik zegoen, eta herritar xeheek formula merkeagoak erabili behar zituzten: sagu burmuinak hautsetan, esate baterako.

Argi dago Antzinaroan hortzak garbi izan nahi zituenak eskrupuluak albo batera utzi behar zituela. Baina Aro Modernoa amaitzear zela eskrupuluak izan ziren, hain zuzen, hortzetako eskuila asmatzera eraman zutenak.

1870ean William Addis oihal saltzailea Londresko Spitalfieldsen atxilotu zuten kale istiluak sortzeagatik, eta Newgateko espetxean sartu zuten. Garai hartan, trapu edo oihal zati bat gatzetan edo beste substantzia batzuetan sartu eta haiekin igurtzi ohi zituzten hortz-haginak. Espetxeko trapu zikinak ahoan sartzeak nazka ematen zionez, Addisek ordezko higienikoagoa bilatu zuen. Afariko hezur bat gorde zuen, zulotxoak egin zizkion eta erositako guardia baten bidez zurdak eskuratu eta zuloetan lotu zituen. Urte berean, kartzelatik irten zen eta hortz eskuila modernoak ekoizteko eta merkaturatzeko enpresa, oraindik ere jardunean ari den Addis enpresa, sortu zuen.


Utzi iruzkina: